Domekan egingo dute Mendata ezagutuz martxa
Irailaren 6an domekan egingo dute Mendata ezagutuz mendi martxa. Hain zuzen, XVI. ibilaldi neurtua izango da, eta XI. mendi maratoia.Abuztuaren 1ean zabaldu zuten izena emateko epea, eta atzo zen izena aldez aurretik emateko azken eguna. Ibilaldi neurt...
Abuztuaren 1ean zabaldu zuten izena emateko epea, eta atzo zen izena aldez aurretik emateko azken eguna. Ibilaldi neurtuan, gehienez, 800 lagun onartuko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek, eta 100 lagun mendi maratoian. Hala, martxaren kalitatea eta funtzionamendu ona bermatu gura dutela azaldu dute.
Beraz, gehienezko kopuruak bete arte eman daiteke izena bai mendi martxan bai mendi maratoian ere. Hala eta guztiz ere, egunean bertan 28 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzaileek.
Elexaldetik aterako dira
Urtero legez, mendi martxak bi ibilbide izango ditu, zale ezberdinen parte hartzea bermatzeko. Ibilbide laburra 14 eta 23 kilometro artekoa izango da; 39 kilometro izango ditu mendi martxako ibilbide luzeak, eta 42,195 kilometro egin beharko dituzte mendi maratoian parte hartzen dutenek.
Proba baterako zein besterako irteera puntua Elexalde izango da. Mendi martxarako irteera 08:00etan izango da. Ibilbide luzea 3 eta 5 ordu artekoa izango dela aurreikusi dute antolatzaileek. Ibilbide luzea egin behar dutenek, aldiz, zazpi eta bederatzi ordu artean beharko dituztela esan dute.
Mendi lasterketarako parte hartzaileek 09:00etan izango dute irteera.
Mendi martxarako antolakuntzak hiru kontrol gune jarriko ditu ibilbidean zehar, eta lau kontrol gune izango dituzte mendi lasterketako parte hartzaileek.