Ariel Edwards iaz Malosten Gernika Bizkaiaren kontrako partidan.
Azken hilabetean hainbat fitxaketa egin ditu saskibaloi talde gernikarrak, eta 2015-2016 denboraldiari ahalik eta mailarik onenean ekiteko asmoz hasiko dira lanean jokalariak datorren astean. Hain zuzen ere, jokalariek irailaren amaieran hasiko dute Emakumezkoen ligan bigarren denboraldia.
Aste honetan jakinarazi du klubak Edwards pibot estatubatuarraren fitxaketa. Aurreko denboraldian Bembibre taldeagaz debutatu zuen Emakumezkoen ligan. Bestalde, WNBA-an ere esperientzia aput bat ere badu, 2014ean Tulsa Shock taldean egin baitzuen aurredenboraldia.
Edwardsek Gernika Bizkaiagaz akordioa lortu duelako “emozioz beterik” dagoela aitortu du: “Espero dut emozioz eta arrakastaz beteriko denboraldia izatea”.
Bestalde, Mario Lopez entrenatzaileak adierazi duenez, azken fitxaketak talde barruan leku garrantzitsua izatea gura dute: “Puntuak dituen jokalari baten bila genbiltzan eta uste dut Arielek badituela”. Era berean, errebotean haren zenbakiak hobetzeko lanean ariko direla gaineratu du Lopezek, eta haren bertuteak nabarmentzeko jokaldiak landuko dituztela.
Beste fitxaketak
Bestalde, hilabete honen erdialdera jakinarazi zuen talde gernikarrak Shanasa Sanders estatubatuarraren fitxaketa. Montenegroko Buducnost Volkano Podgorica taldetik dator, eta bertan, partidako batez beste 14,4 puntu eta 5,1 errebote lortu zituen.
Shanasa Sanders.
Mario Lopezen berbetan, Sandersek lehenengo eta bigarren lekuetan jokatu dezake, eta erdi zein 6,75 metroko distantzietatik “jaurtiketa ona” du. “Bere jaurtiketak sortzeko gai da, eta bat baten kontrako jokaldietan gainezka egiteko trebetasuna du, eta aurreko denboraldiko une batzuetan falta izan genituen gauzak dira horiek”. Jokalari estatubatuarrak Emakumezkoen ligan jokatzeko “ilusioa eta gogoa” ditu, eta hark kanpoaldean joko aukera gehiago izaten laguntzea espero du Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak.
Era berean, Gisela Vega pibot argentinarrak ere Gernika-Lumoko taldean jokatuko du 2015-2016 denboralian. Esperientzia handia du Emakumezkoen ligan, Cortegada, Soller, Girona eta Mann Filter taldeetan aritu baita. Beste liga batzuetan ere badu esperientzia, Frantziako, Argentinako, Ecuadorko eta Mozambiqueko ligetan jokatu baitu. Gainera, Argentinako selekzioko kapitaina ere bada.
Hala ere, ezkerreko belauneko lotailuetako lesioaren ondorioz, denboraldi batez jokatu gabe egon da Vega. Horren inguruan Mario Lopezek dio, lesioaren ondoren “indar eta ilusio” gehiagorekin aritzea espero duela: ” Denboraldiko momenturik zailenetan, esperientzia ekarriko dio taldeari, bai kantxa barruan eta baita kanpoan ere, eta erdiko distantziatik jaurtiketa onak egiten ditu, eta lepoz zein aurpegiz oso pase onak egiten ditu”.
Maite Mugira.
Bestalde, iazko denboraldian legez, Maite Mugira harrobiko jokalariak lehen taldeagaz entrenatzen jarraituko du, eta partida batzuk ere jokatuko ditu.
Datorren martitzenean hasiko dira jokalari guztiak lanean. Udan egindako kontratu berritzeak eta fitxaketak kontuan hartuta, honako jokalariak ariko dira Emakumezkoen ligan: Shanasa Sanders, Naiara Diez, Rachael Vanderwall, Claudia Pop, Izaskun Garcia, Maite Mugira, Yaiza Lazaro, Ella Clark, Gisela Vega eta Ariel Edwards.
Gisela Vega.