Antolin eguneko jaitsiera
Antolin jaiak ospatuko dituzte arteagarrek, gaur hasi eta eguaztena bitartean. Paella txapelketagaz hasi dute gaurko eguna, eta bazkari herrikoia egingo dute gero. Jaiei hasiera emango dien txupina, baina, 20:00etan botako dute. Artie dantza taldearen saioak emango dio kolorea ilunabarrari, eta, 22:30etik aurrera, Oxabi taldearen erromeriak jarriko dizkio doinuak gauari.
Tabernazarre eguna ospatuko dute bihar, eta tortillak egiteari ekingo diote. Txapelketa antolatu dute, eta bihar, berriro, bazkari herrikoia egingo dute. Gauean, Egan taldeak joko du, Gautegiz Arteagako plazan.
Domekari triki-poteoagaz emango diote hasiera, 13:00etan. Mus txapelketa jokatuko dute bazkalostean, eta esku pilota partidekin gozatzeko aukera ere izango dute herritarrek, 19:00etatik aurrera. “Itoiz Gaua” musika saioa izango da egun horretan, ESPALOIAN taldearekin, eta Naroa Gaintza eta Keu Agirretxearen partaidetzarekin.
Astelehena umeen eguna izango da, eta Antolin eguna –martitzena– izango dute jaietako azken eguna. 12:00etako mezaren ostean, 14:00etan egingo dute jaitsiera eta kalejira. Ostean, apar jaia izango da herriko plazan. Arratsaldean, 19:0eetan, kale antzerkia izango da, eta osteko txokolate janarekin agurtuko dituzte herriko festak.