Asteburuko estropadetan ere 'lehiakorra' izaten ahaleginduko da Urdaibai
Jon Salsamendi Urdaibaiko entrenatzailearen berbetan, orain arteko “lehiakortasuna” mantendu gura dute bi egunetan.
Azaldu duenez, oso estropada “ezberdinak” izango dira eremuen ezaugarriengatik: “Larunbatean ur geldietan eta ez-ohiko eran ariko gara, sei luze eta bost ziaboga egin beharko ditugu. Igandean, berriz, itsasoa, ur irekiak, ur mugitua, Kontxako eremua, eta lau luzetara eta hiru ziaboga. Oso eremu berezia da eta aurrekoarekin alderatuta oso-oso desberdina”.
Hala, lehiakortasun hori mantendu nahi baldin badute ezaugarri desberdinetako talde bi prestatu beharko dituela dio.
Ligari dagokionez helburua “liga osoan lehiakorra izatea” dela dio Salsamendik. “Momentu honetan behar duguna da estropada bakoitzean lehiakorrak izan eta ahalik eta emaitza onenak lortzen saiatu”. Liga irabazi nahi dutela esateko goizegi dela uste du, eta hori uretan demostratu behar dela nabarmendu du. “Lehiakortasun horrekin emaitzak ligaren puntan jartzen badizute, abuztuan edo izango dugu unea eta denbora beste matematika batzuetan sartzeko”.“Argi duguna da helburu bezala, ligako estropada denak edo denetan bat ere espekulatu gabe ahalik eta emaitza onenak lortzen saiatuko garela, lehiakor izan nahi dugu estropada guzti-guztietan. “Eta hori horrela gertatzen bada, eta emaitzak iristen baldin badira, borroka horren barruan egongo gara eta hori hala suertatzen bada beste pausotxo bat emateko unea izango da hemendik hiruzpalau astetara”.
Momentuz, hiru jardunaldi lehiatu dituzte TKE ligan, eta orokorrean, denboraldi hasiera espero zuten moduan doala dio Urdaibaiko entrenatzaileak. Bai liga eta baita banderen lehian zuzenean egotea espero zutela azaldu du, eta orain arte horrela izan da.
Sanxenxon espero ez zuten emaitza
Hiru estropadetatik bigarrena, Sanxenxon jokatutakoa uste baino “okerrago” joan zitzaiela onartu du, eta ligako sailkapen nagusiari dagokionez puntu galera “handi xamarra” eduki zutela: “Baina, horrek ez digu dudan jartzen zein momentutan gauden. Hau da, hasieran espero genuen bezala iruditzen zait hiru estropadetatik bitan mutur-muturrean ibili baldin bagara, bata irabazi eta bestean bigarren, eta ligan bigarren baldin bagoaz, eta entrenatzen ditugun sentzazioak baldin baditugu… gauza horiek konfirmatzen digute espero genuena; banderen eta estropada guztien goiko lehia zuzen horren barruan hor egotea”.
Sanxenxon espero ez zuten emaitza lortu zutela dio, eta halakorik berriz ez gertatzen saiatuko direla. “Azken finean hau arrauna da, kirola da, eta horrelako gauzak gertatzen dira, eta jakin egin beharko dugu egun txarrak ere burua galdu gabe pasatzen”.
Beste taldeak
Bestalde, Hondarribiak nagusitasunez egin duen liga hasiera, eta oraindik inongo akatsik egin ez izana azpimarratu du Salsamendik: “Arraunean oso ondo egiten ari dira, ontzia oso-oso azkar dihoakie eta plantilla zabal batekin aurrera eramaten ari dira estropada hauek”.
Halaber, Urdaibaigaz eta Hondarribiagaz batera faborito ziren Kaikuren eta Orioren benetako maila zein den ikusteko estropada batzuk itxaron beharko dituztela esan du. “Seguraski ez dituzte emaitzarik onenak lortu hiru estropada hauetan, baina, dudarik gabe hirurak oso estropada bereziak izan dira, toki berezietan eta baldintza berezietan, eta oraindik ez dut uste isladatzen duenik zehazki bakoitzaren maila. Beste hiruzpalau estropada ikusi beharko dira benetako neurria hartzeko talde hauei”.
Beste taldeei dagokienez, guztien artean “berdintasun izugarria” dagoela uste du. Meira izan ezik besteak oso segundo gutxitan pillatuta daudela gogoratu du. Hala, Tiran eta Cabo galiziarrak “oso indartsu” ikusi ditu, eta San Juan eta San Pedro gipuzkoarrak ere horien pare daudela dio: “Astillerorekin batera maila oso berdindua eta oso altua daukate, eta edozein unetan ohorezko txandan egon daitezkela demostratzen ari dira”. Hala ere, beste hiruzpalau estropada gehiago egin beharko direla dio bakoitzaren benetako maila pixka bat hobeto zehazteko.