Zerure Begire lelopean bilduko dira aurten. Partaideek bizikleta hartu eta 38 kilometroko ibilbidea burutu beharko dute, 1.700 metroko desnibel positiboagaz. Eako hondartzatik 09:30ean irtengo dira.
Antolatzaileen berbetan, “ibilbide gogorra eta teknikoa da, igoera labur eta gogorrak jeitsiera teknikoekin uztartzen dituena, deskantsu gutxikoa alegia”.
Azaldu dutenez, azken urteetan moduan, ibilbidearen edertasunari eman diote garrantzia. Eako txoko politenak sartu dituzte martxan eta ahalik eta bidezidor gehien sartzen saiatu dira.
Bi eraztunez osaturiko ibilbidea prestatu dute. Lehenengoak 15 km ditu, Eatik atera eta Natxitu aldera joango dira, ondoren kostaldetik berriro Eara itzultzeko.
Bigarren eraztunak 23 km ditu. Errekako bidea hartu eta Lekeitio aldera abiatuko dira. Ostean kostaldetik Eara itzuliko dira. Bigarren eraztun honetako lehenengo zatia erraza eta azkarra dela esan dute, ez duelako aldapa askorik. Bigarrena, desberdina da, zailtasun fisiko handia du eta gainera jeitsiera gehienak bidezidor teknikoetatik egingo dituzte.