Clarkek aurreko denboraldian Zamaratekin jokatu zuen. Irudian, Malosten jokatutako partidan.
Emakumezkoen ligatik dator britainiar gaztea, Zamarat taldean jokatu baitu orain arte. Gainera, bere selekzioagaz Eurobasketa jokatu berri dator Hungariatik Gernika-Lumora.
Gernika Bizkaia taldea trebatzen jarraitzeko eta eboluzionatzeko leku aproposa dela uste du Clark-ek: “Oso pozik nago, talde handia dela uste dut, aurreko denboraldian talde lehiakorra izan zen, eta taldearekiko gauza onak baino ez ditut entzun, bai entrenatzaileekiko, taldekideekiko eta afizioarekiko ere. Horren parte izateko desiatzen nago”.
Mario Lopez entrenatzaileak espero du jokalariak ekarpen asko egitea taldeari, batik bat, defentsan “presentzia fisikoa”, erreboteetan laguntza eta haren kanpoaldeko jaurtiketak erasoko jokaldietan “kantxa zabaltzen laguntzea” espero du.
Era berean, saskiratze gehiago lortzeko, eta defentsa lanetan gehiago laguntzeko lan egingo dutela dio Lopezek: “Hobetzeko tartea duen jokalari gaztea da, eboluzionatzen segitu behar du, eta aurreko denboraldiagaz alderatuta, bere emaitzak hobetzen ahaleginduko gara. Bera taldean izatearekin oso pozik gaude”.
Rachel Vanderwal aurreko denboraldian, Malosteko partida batean.
Rachael Vanderwalek kontratua berritu du
Bestalde, aurreko astean jakinarazi zuen klubak Rachael Vanderwalen kontratu berritzea. Momentuz, zuzendaritza taldeak kontratua berritu dion hirugarren jokalaria da, Diezegaz eta Lazarogaz batera.
Hain zuzen ere, jatorriz kanadiarra bada ere, Clarken taldekidea da britainiar selekzioan, eta bere taldeko jokalari onena izan da Eurobasketean. Selekzioko jokalarien artean, Vanderwalek lortu ditu saskiratze gehien eta minutu gehien jokatu dituen jokalaria izan da.
Berton ere jokalari garrantzitsua bilakatu da, eta entrenatzailearentzat oinarrizko jokalaria da. Taldera diskrezio handiz heldu zen, baina, saskiratzerakoan gero eta konfiantza gehiago du. Taldeari “lana, profesionaltasuna eta eboluzioa” eskaintzeko asmoz ekingo dio 2015-2016 denboraldiari. Defendatzaile bikaina da, eta bere ezaugarriak base zein eskolta moduan jokatzeko aproposak dira.
Lopezek argi zeukan Emakumezkoen ligan egingo duten bigarren denboraldian ere jokalari britainiarra taldean gura zuela: ” Lehentasuna zen, Rachael gure jokoaren orekarako oso garrantzitsua da, bilatzen ditugun ezaugarriak betetzen ditu; sendotasuna, lana eta konstantzia ematen dizkigu”. Halaber, entrenatzaileak uste du, bigarren denboraldi honetan jokalariaren ekarpena handiagoa izango dela zentzu guztietan.
Aurreko denboraldiko jokalari onena
Candina eta Garcia.
Bestalde, Izaskun Garcia Gernika Bizkaiako jokalaria 2014-2015 denboraldian egindako lanagatik saritu zuten aurreko barikuan. Bizkaiako Saskibaloiaren galan jaso zuen denboraldiko jokalari onenaren saria. Taldeko presidente Gerardo Candinaren eskutik jaso zuen saria Garciak.
Hain zuzen ere, talde gernikarrean sari hau eskuratzen duen hirugarren jokalaria da. Aurreko urteetan, Judith Monasterio eta Ane Mugira saritu baitzituzten.
Bazkide kanpaina
Bestalde, Gernika KESB saskibaloi taldearen bazkide kanpaina martxan da dagoeneko. Hain zuzen ere, bihartik aurrera astebururo kalera aterako dira bazkide berriak lortzeko asmoz. Bihar arratsaldean Genika-Lumoko Pablo Picasso kalean egongo dira, herritarrei informazioa emateko.