Zigortutako elkarteek 35/02 auziko epaiari planto egin diote kalean
Asteburuan aldarrikapena kalera atera dute Busturialdean. Hainbat herritan egindako ekitaldien bidez, Auzitegi Gorenak emandak epaia ez dutela onartzen erakutsi dute herritarrekEspainiako Auzitegi Nazionalak emandako eta Espainiako Auzitegi Gorenak ber...
Asteburuan aldarrikapena kalera atera dute Busturialdean. Hainbat herritan egindako ekitaldien bidez, Auzitegi Gorenak emandak epaia ez dutela onartzen erakutsi dute herritarrek
Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsitako epaiari planto egiteko asmoz, aldarrikapenak kalera atera dituzte herritarrek asteburuan. Busturialdean, Lea-Artibain zein Mutrikun, elkarteen aurka emandako agindua ez dutela onartuko erakutsi zuten.Barikuan eta zapatuan atera ziren bermeotarrak kalera. Edalontzi eta pegatina «ilegalak» erabili zituzten, bai barikuko pintxo potean bai eta zapatu goizean ere, Lamerako tabernetatik egin zuten poteoan. Horrez gain, «epaiketa anti-politikoari» buruzko eskuorriak ere banatu zituzten.
Markina-Xemeinen ere bariku arratsaldean batu ziren herritarrak, 20:30ean, eta kalejira egin zuten. Mutrikun eta Lekeition zapatuan egin zituzten 35/02 auziaren epaiaren kontra.
Zubixa Libre ekimenak deituta, hainbat herritar Goiko Plazan batu ziren Mutrikun. Argazki erraldoia atera zuten elizako eskaileretan, Zubixa ez ixteko eskatzeko. Atzoz geroztik, gainera, atxikimenduak batzen hasi dira. Horretarako, herrian mahaiak jarriko dituzte, eta Zubixa herriko tabernan zein herriko beste hainbat tabernatan ere sinadura orriak utziko dituzte.
Lekeition, aldiz, manifestazio jendetsua egin zuten, Eskolapetik hasita. Pankartaren atzean ziren Galarrenako beharginak, eta, eurekin batera, 500 lagun baino gehiago izan ziren protestan, Galarrena zarratzeko aginduari ezekoa emateko.
Ibilbidean zehar Aittitta Makurra txaranga, Marierrota boleibol taldea, Lekittoko Deabruak, zanpantzarrak, Isuntzako arraunlariak, dantzariak… ere egon ziren, besteak beste. Eta ekimen desberdinak ere egin zituzten: dantza saioa, Isuntza aurrean arraunlarien harrera… Galarrenako kalean, gainera, argazki erraldoia atera zuten.
Ondarroako Zapato Azulean ere presente eduki zuten auzia, eta hainbat herritarrek Txoku Libre! irakur zitekeen zapiak jantzita ospatu zuten jaieguna, Uxola herriko elkartearen egoera azaleratzeko. Horrez gain, Alai tabernako balkoian ere Libre-ren elastiko laranja eskegi zuten protesta legez.
Inoiz baino libreago
Gernika-Lumon, berriz, domeka izan zuten aldarrikapen eguna. Goizetik hasita, iluntzera arteko egitaraua prestatu eta hainbat jarduera izan zuten herri horreta, Arrano Etxean bertan. Festa giroarekin uztartu zuten aldarrikapena.
13:30ean egin zuten ekitaldi nagusia, Arrano Etxearen aurrean. Horretan, etxe horretatik pasatu diren belaunaldi ezberdinetako jendeak parte hartu zuen. Esan zutenez, herri libre baten aldeko borrokatik jaio zen etxe hori: «Lan, izerdi, barre zein negarrek ureztatu eta denon ekarpenagaz hazi da urte luze hauetan». Aurrerantzean ere, denon konpromisoarekin iraungo duela esan zuten, eta, oztopoak oztopo, auzitegiek ez dutela euren helburua lortuko. «Arrano inoiz baino libreagoa erakiko dugu, eta inoiz baino gehiago zabalduko dugu». 1992ko urriaren 25ean zabaldu zituen lehen aldiz Arrano Etxea, eta, 24 urte luzez, hainbat jenderen habia izan dela gogorarazi zuten.
Argazki erraldoia ere atera zuten, etxearen aurrean, eta puxika laranjak askatu zituzten argazkia atera ondoren. Jarraian, zuzeneko musikak girotu zuen ingurua; eta, bitartean, etxe barrura sartzeko eta Arrano barrutik ezagutzeko aukera ere eduki zuten herritarrek. Harizpen, beste alde batetik, azken hamarkadetako argazki albumak ipini zituzten ikusgai.
Asteburuari begira ere, 35/02 auziaren epaiaren kontra azaltzeko mobilizazioak antolatu dituzte. Bermeon, esate baterako, ekimen zaratatsua egingo dute barikuan, Bolatoki libre gura dutela aldarrikatzeko. 20:00etan batuko dira herritarrak, Lamerako harrizko jesarlekuan.