EAJren hautagaia Ahaldun Nagusi izendatzeko akordiora heldu ziren jeltzaleak eta PSE
EH Bilduren hautagaia, koalizioaren ildo politikoa azaltzen
Gaur arratsaldean hautatu dute Unai Rementeria mundakarra Bizkaiko Ahaldun Nagusia. Horretarako, PSEren babesa izan du EAJk.Orain, Jose Luis Bilbaoren lekua hartuko du Rementeriak datozen lau urteetan.
PSEren botoekin hautatu dute Bizkaiko Ahaldun Nagusi, eta Jose Antonio Agirreren formula zaharra erabili du Rementeriak zin egiteko, Gernikako arbolaren aurrean . Batzar Nagusietako presidente den Ana Otaduiren eskutik hartu du makila.
Zin egin ostean, Aldundiaren osaketaren berri eman du, eta PSEk bi sail izango dituela iragarri du: Teresa Laespada Deustuko unibertsitateko irakaslea izango da enplegu sailburua, eta Vicente Reyes izango da Garraio eta Mugikortasun saileko buru.
09:00etan hasi da gaurko sauoa Batzar Nagusietan. Bi dira 2015-2019 agintaldirako aurkeztu dituzten Ahaldun nagusigaiak: Josu Unanue bermeotarra aurkeztu du EH Bildu koalizioak, eta Unai Rementeria Euzko Abertzaleak taldeak (EAJ).
EH Bilduren ahaldun nahusigai Josu Unanuek hartu du berba lehenengo, koalizioaren ildo politikoak azaltzeko. Egoera ekonomikoa, politika sozialak, fiskalitatea… izan ditu hizpide. EH Bilduren hautagaiak programaren lau ildoak ere azaldu ditu: jendartearen kohesioa bermatu, politika sozialak sustatu eta sendotu, aurrenekoei bide emango dien politika fiskal egokia eta erabakitzeko ahalmena.
Aurrerako erronkei dagokienez, ardatza eta iparra herritarrekin batera Bizkaiaren eraldaketan sakontzea dela esan du Bermeokoak. Hala, Batzar Nagusietan konpromiso eta xede irmo batekin ariko direla esan du EH Bilduren hautagaiak: “Bizkaiko herritarrek sortutako proiektu eta erronkei sustapena eta bidea ematearena”.
Egoera ekonomikoa ere aipatu du Unanuek. Bizkaia krisialdi ekonomikotik ateratzen ari dela entzun arren, koalizioaren hautagaiak esan du errealitatea ez dela “hain koloretsua”. Gogoratu duenez, enpresen kopuruak behera egin du (%19), baita industria ekoizpena ere (%34). Langabezia tasak gora egin duela azpimarratu du %16, 3ra helduz, eta gazteen %40 langabezian dagoela. Bizkaiko eskualdeen artean, egoerarik onenean dagoena Lea-Artibaikoa dela esan du Unanuek. “Beste datu esanguratsu bat” ere eman du Unanuek: “Gure langabezia tasa Europaren batezbestekoa baino %50 altuagoa da”.
Hala, krisialdia pairatzen ari direnak laguntzeko gizarte politikak exijitu ditu bermeotarrak: “Bizi baldintzak bermatzeko ezinbesteko inbertsioa dira”. Beraz, gizartearen beharrizanak lanpostu publikoak sortzeko baliatu daitezkeela esan du: “Pertsonei begirako zerbitzuak behar ditugu, diru laguntzak eman beharrean”. Hori dela eta, Unanuek proposatu du zaintza lanetarako gizarte zerbitzuen sare publikoa garatzea.
Eta enpleguarekin batera, prekarietateari buruz ere hitz egin du EH Bildukoak: “Enplegua izateak ez ditu bizi baldintza duinak bermatzen. Prekarietatea, miseriazko soldatak, aldi baterako kontratuak dira ohikoena gaur egun”. Horregatik, enplegua sortzeaz gain, lan baldintza duinak bermatu behar direla esan du.
Jose Luis Bilbaoren lekua hartuko du mundakarrak
EAJ, PSErekin batera
Unai Rementeriak politika ekonomikoa aipatuz hasi du berbaldia. Hurrengo agintaldian 10.000 lanpostu sortzeko konpromisoa hartu zuen Rementeriak hauteskunde kanpainan. Transparentzia eta parte hartzean oinarritutako agintaldia izango dela esan du Rementeriak. Enpleguan sinisten duela, eta gizartearekin konprometituta dauden enpresengan sinisten duela. Aberastasunaren banaketa nahi du Rementeriak, eta egoera ekonomikoari aurre egiteko elkarlanerako deia egin die sindikatuei, “egoera ekonomikoa aldatzea ez delako administrazioen eta enpresen esku geratu behar”. Hala, ekonomia berpiztea da EAJren erronka nagusia, eta egiteko asko dagoela esan du hautagaiak.
PSErekin akordioa lortu dute jeltzaleek Bizkaian gobernatzeko. Rementeriak aipatu legez, “etorkizuna erronkaz beterik dago”, eta erronka horiek gobernu sendo eta egonkorra exijitzen dute, “gizarteari begirako gobernua, irtenbideak proposatuko dituena, eta hori da EAJk eta PSEk gaur eskaintzen duguna”. Era berean, alderdi gehiagoren konplizitatea ere bilatuko du Rementeriak, bere hitzartzean esan duenez: “Hitz egin eta akordioetara heldu gura dugu”. PSErekin komuneko helburu bat dutela azpimarratu du, gainera: ekonomia berpiztea eta enplegua sortzea.
Datozen lau urteetarako ildoak, bestalde, bost puntutan laburbildu ditu mundakarrak: ekonomiaren eta enpleguaren suspertzea; berdintasuna eta gizaarte sarearen defentsa; eskualdekako garapen iraunkorra; kalitatezko zerbitzu publikoak eta instituzioen arteko koordinazioa.
19:00ean egingo dute Ahaldun Nagusia hautatzeko bozketa, eta 19:20ean hartuko du kargua Ahaldun Nagusi izendatu berriak.