Kartel irabazlea
Angela Lopez gernikar gazteak egindako kartelak irabazi du Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragartzeko kartel lehiaketa. 600 euroko saria jasoko du Lopezek, egin duen lanagatik.
Aurten 6 kartel aurkeztu dituzte lehiaketara. Lehenik eta behin, Jai Batzordeko kideek eta Bermeoko Udaleko zinegotziek osatutako epaimahaiak, hiru kartel finalistak aukeratu zituzten. Astebetez izan dira guztiak ikusgai Nestor Basterretxea aretoan, eta herritarrek, finalisten artean gustokoena aukeratu ahal izan dute tarte horretan. Nestor Basterretxea aretoan ezarritako kutxan eman ahal zen botoa edo bai eta sare sozialen bitartez ere. Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, botoen %47arekin irabazi du Angela Lopezen kartelak.