Arrantzaleen patroi nagusiaren eguna da gaurkoa, San Pedro eguna. Hala, Mundakan eta Bermeon santua atera dute gaur kalera. Arrantzaleen sorbalden gainean, prozesioan eroan dute gaur, San Pedro kostaldeko bi herrietatik.
San Pedro jaietan murgilduta daude Mundakan. Barikuan hasi zituzten ospakizunak herri bazkariarekin. Ordutik, jardueraz betetako asteburua izan dute mundakarrek. Oraindik, baina, egun asko dituzte aurretik. Izan ere, datorren domekara arte jaietan daude mundakarrak.
Elantxoben, berriz, zapatuan hasi zituzten jaiak txupinarekin. Mus txapelketa, musika eta mozorro lehiaketak izan dituzte, besteren artean, asteburuan. Gaur, santuaren eguna ospatzen ari dira eta bihar emango diote amaiera jaiei San Pedro Txiki egunarekin. Atzo, San Pedro bezperan, aire zabaleko pintura lehiaketa egin zuten egun osoan zehar. 10:00ak inguruan hasi ziren eta 18:00ak ingura bitartean pintatzen ibili ziren. Gaia librea zen eta herriko edozein lekutan marraztu zitekeen, eta pintoreak aukeratzen zuten zer pintatu.
Lumon ere San Pedro ospatzen dute. Barikuan hasi zituzten jaiak eta gaur goizeko mezarekin amaitutzat ematen dituzte. Asteburuan, ondo pasatzeko aukera izan dute bertaratu direnak. Tortilla eta marmitako txapelketak, bertsolariak, dantza ikuskizunak, briska, tute eta mus txapelketak eta erromeriak izan dituzte beste hainbat gauzaren artean.
-
-
Mundakako bajadie
-
-
Basanetik behera bajadie. Argazkia: Txilipitxeruek
-
-
San Pedro santuaren prozesioa Bermeon
-
-
Elai Alaiko dantzari txikien dantza ikuskizuna Lumon
-
-
Margolari bat aire zabaleko pintura lehiaketan parte hartzen