Paella txapelketa San Pelaio jaietan
Jaiak izango dira protagonista asteburu honetan Arratzuko Belendiz auzoan. Barikuan hasi eta domeka bitartean, jana eta edana faltako ez diren hiru egun izango dituzte aurretik belendiztarrek.
San Pelaio egunean bertan, barikuan hain zuzen, meza nagusiaren ondoren, mokadutxoa izango da bertara hurbiltzeko asmoa duten guztientzat. Baina benetako jai giroa hurrengo bi egunetan etorriko da. Zapatu goizean, paella txapelketari hasiera emango zaio hamaiketan. Parte hartzaile guztiek ordu biak baino lehen aurkeztu beharko dituzte prestatutako jakiak jaietako txosnan.
Baina dena jatea ere izango ez denez jaietan, horregaitik, Belendiz Sky Speed izeneko mendi sprint-a antolatu dute goizean. Korrika arin egin beharko dute kirolariek mendian gora, ingurune paregabean bada ere.
Txarangak izango dira protagonista musikari dagokionez, bai arratsaldean eta bai gauean ere, txistorra eta makailau janaren ostean.
Jaien azkeneko egunean, domekan, Ander Elortegi eta Etxahun Lekue bertsolariak arituko dira. Hala ere, ez ohiko saioa izango da, bertsotan bakarrik ez eta txakolin kata ere egingo dute bitartean. Arratsaldean, txapela nork jaurtitzen duen urrunen jakingo da, briska txapelketa hasi baino lehen. Azkenik, txokolatea jaten agurtuko dituzte festak.