Nebbian /Argazkilaria: Raul Urrea
Udaren etorrerarekin batera, Astrako iluntzeak musikaz bustiko dira beste urte betez. Bost astetan zehar, eguazten guztietan eta elkarte desberdinen partaidetzarekin, musika estilo anitzez gozatzeko aukera izango da arma fabrika zenaren kanpoaldean.
Ekainaren 24ean taula gainera igoko den lehen taldea El Trapo izango da. Iparragirre rock elkartearen eskutik, Gernika-Lumoko Backbone eta Blacker M-ko partaideak batu dira Kyuss taldearen bertsioak egiteko. Aste bete beranduago Toby Connor britainiarra hurbilduko da. Londreseko bakarlaria Europa zeharkatzen ari den tourrean dabil eta, Manchester eta Leicesterren izan ondoren, Astran egingo du geldialdia. Gitarraz lagundurik, bere ahots gozoa nahikoa da publikoaren arreta bereganatzeko.
Uztailaren 8an, Swingtxaku elkarteak antolaturik, erritmo beroen txanda izango da. Bermeoko Aiama piano jole, abeslari eta musikagileak bere talentua argitara emango du. Aukera paregabea jazz, brasildar eta latinar estiloa duten abestiez gozatzako, eguneko tenperatura altuak lasaitzen doazen momentuan. Artista bermeotarrak musika ikasketak Bilbon egin bazituen ere, Rotterdameko kontserbategian egon den garaian arrakasta handia izan du Herbereetan. Astra iluntzeetako laugarren astean Nebbian bikoteak eskeiniko du errezitaldia. Asunek talde feministaren eskutik, italiar bat eta euskaldun bat batzerakoan sortzen den talentua erakutsiko dute. Valentinaren ahots gozoak, Haritzen gitarraz lagunduta, nahaste perfektua sortzen dute terrazan burutzen diren kontzertuetarako.
Nebbian bikotea iazko urte amaieran batu zen eta proiektua erdi fasean dago oraindik. Hala ere, taldearen indarra zuzeneko emanaldietan igartzen da eta, gaur egun, abesten dituzten kantak bertsioak badira ere, aurrerago konposizio propioen eraketari ekingo diote.
Astrako emanaldiei bukaera emanez, azkeneko astean, sorpresa bat egongo da. Kontzertua ikusten bertaratuko den jendeak ez du jakingo azken momentu arte ze musika talde edo estiloz gozatzeko aukera izango duen. Iparragirre Rock Elkarteko gazteek zerbait berezia prestatuta izango dute eta zer den jakin nahi duenak arma fabrika zaharrera joan beharko du.