Txosnen sorreran parte hartu zuten bi lagun, azalpenak ematen
Gernika-Lumoko Txosna Batzordearen sorreran parte hartu zutenek, garai hartako bizipenak konpartitu zituzten zapatu arratsaldean Astran batu zirenekin. 1995an txosnen inguruko mugimenduan lanean aritu ziren bi lagunek ekarri zituzten gogora hasierako debekuak eta borrokak. Gernika-Lumoko jaietan txosnak Pasealekuan kokatu arte bizi izandakoa kontatu zuten. Hala, kostata, baina dagoeneko urteak daramatzate txosnak erdigunean jartzen.
Txosna Batzordea “herri ohituren ispilu eta herri mugimenduaren leihoa” dela esan zuten ekitaldiaren antolatzaileek. Eta hori izan zen 2005. urtean, 10. urteurrenean, ozen abestu zutena. Aurten, antzeko mezuarekin baina bestelako doinuekin datoz. “Herriak lan, herriak jai, eskubide eta behar, biharko gazteak ere gugandik edan dezan”. Hala dio 20. urteurrenerako Iparragirre Rock Elkarteak prestatu duen abestiak. Zapatuan aurkeztu zuten kanta, eta aurten, Andra Mari eta San Roke jaietan txosnagunean egingo dituzten zenbait ekitaldi ere aipatu zituzten. Besteak beste, mus txapelketa,
herriak lan, herriak jai sukalkia eta playback txapelketa egingo dituztela aurreratu zuten.
Dena den, elkarlan eta konpromisoarekin, lanean jarraitzeko asmoa agertu du Txosna Batzordeak, eta, jaiak orduko, egitaraua osotzen joango direla esan zuten. Era berean, aipamen berezia egin zioten txosna batzordeko kide den eta bere jarduna eten gura dioten Arrano Kultur Elkarteari. Oztopoak oztopo, lanean elkarrekin jarraitzeko aukera izatea espero dutela esan zuten: “Hogei urteko iturria izan dadila hogei urteko zubia”.