Lehenengo musika kontzertua hartuko du ekainaren 5ean ‘Aita Guria’ baleontziak

Eneko Moby Dickek eta Nebbianek –argazkian– joko dute. Argazkilaria: Raul Errea

Eneko Moby Dickek eta Nebbianek –argazkian– joko dute. Argazkilaria: Raul Errea

Beste hainbatetan egin legez, musika kontzertuak hartuko ditu ekainaren 5ean Bermeok; oraingoan, baina, eszenatokia bestelakoa izango da. Lurreko taulagaina uretara lekualdatuko dute: taberna edo kaleko agertoki batetik baleontzi batera salto egingo dute. Horretarako aukera, baina, Eneko Moby Dick kantautoreak eta Nebbian bikote gernikarrak edukiko dute; horiek izango baitira, ekainaren 5ean Bermeoko portuari soinua eta doinua jarriko diotenak.

19:30etik 22:00etara bitartean izango dira musika jartzen Algortakoa eta Gernika-Lumokoak. Musikak girotuta, gainera, Bermeoko kontserbekin egindako pintxoak eta Bakioko txakolina dastatzeko aukera ere izango du egun horretan baleontzira igotzen denak.

10 euro ordaindu beharko ditu interesatuak sarrera legez, eta egunotan jarriko dituzte salgai Bermeoko Turismo Bulegoan eta Gernika-Lumoko Arima tabernan. Kontzertu horretarako jarleku kopuru mugatua izango dela jakinarazi dute antolatzaileek (Dalata, Bermeoko Gazte Asanblada eta Aita Guria). Hain zuzen ere, 50 lagunentzako lekua baino ez da egongo.

Haritz Laboa (Nebbian-eko gitarrista): «Baleontzian jotzeak xarma berezia du; uste dugu oso polita izango dela»

Valentina Ridolfigaz batera, Haritz Laboak (Gernika-Lumo, 1988) osatzen du Nebbian.

Aita Guria Baleontziak hartuko duen lehen kontzertuaren parte izango zarete. Zerbait berezia al da Nebbian-entzat?

Oso berezia izango da; ideia benetan polita. Orain arteko kontzertuak tabernetan eman ditugu, eta, honek bestelako xarma izango du. Baleontzian izan gara soinu probak egiten, eta uste dugu oso polita izango dela. Leku aproposa da horretarako, eta lehenengo musika kontzertua izanik, jende nahiko hurreratuko dela uste dugu. Hasiera batean, Bermeon jotzea proposatu ziguten; baleontzian barik, beste tokiren batean. Beste alde batetik, baina, baleontziari beste erabilera bat ematekotan, bestelako ideia bat zuen buruan Dalata proiektuak. Baleontzian musika kontzertua eskaini nahi zuten, eta gurekin harremanetan jarri ziren. Eneko Moby Dick kantautoreagaz izango gara ekainaren 5ean, eta uste dugu emanaldi polita izango dela.

Nolako ibilbidea izan du Nebbian-ek?

Oso ibilbide laburra daukagu; 2014ko urrian ekin genion honi. Ideia eta helburu zehatzik gabe, geratzen hasi ginen Valentina Ridolfi eta biok, eta handik gutxira, Markel Urrutiak bere erakusketa batean (Irlak) musika jartzeko proposamena egin zigun. Hori eginda, beste kontzertu proposamen bat izan genuen Lekuek festibalerako Gernika-Lumoko Arima tabernan. Ordutik, kontzertuak prestatzen gabiltza. Irunen, Bilbon, Gernika-Lumoko Endika eta Arima tabernetan, Lekeition eta Arratzun izan gara orain arte. Udara begira, bestalde, baditugu beste zenbait emanaldi lotuta.
Zer da eskaintzen duzuena?

Beste musikari batzuen abestien bertsioak egiten ditugu, gure erara moldatuta; euskaraz, gazteleraz, italianoz eta ingelesez. Momentuz, horretan dihardugu, baina badugu gure abestiak sortzeko asmoa ere. Helburu gabe hasi ginen, eta bion gogoagaz eta ilusioagaz aurrera egin dugu proiektuagaz.

Diskorik kaleratuko al du Nebbian-ek?

Suposatzen dut noizbait egingo dugula zerbait, baina oraindik ez dugu ezer esku artean. Egiten ditugun bertsioetatik baten bat aukeratu, eta bideo baten bitartez, zuzeneko grabazioa bezalako zerbait egiteko asmoa, behintzat, badaukagu.

Komunikabidea. Tokiko informazioa euskaraz. Busturialdean gertatzen denaren berri. Kiorla, kultura, gizartea, politika, aisialdia...
Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend