Autodefentsa feminista ikastaroa egingo da Ondarroako Etxelilan
Ikastaroa Ondarroako Udaleko Berdintasun Sailak antolatuta dago, eta barikuan eta zapatuan egingo da. Pili Alvarez Moles feminista ekintzaileak gidatuko ditu saioakOndarroako Udal Berdintasun Sailak antolatuta, autodefentsa feminista ikastaroa egongo d...
Ikastaroa Ondarroako Udaleko Berdintasun Sailak antolatuta dago, eta barikuan eta zapatuan egingo da. Pili Alvarez Moles feminista ekintzaileak gidatuko ditu saioak
Ondarroako Udal Berdintasun Sailak antolatuta, autodefentsa feminista ikastaroa egongo da barikuan eta zapatuan Ondarroako Etxelilan. Interesatuek aldez aurretik izena eman behar dutela jakitera eman dute antolatzaileek.Barikuan arratsaldez egingo da tailerra, 17:00etatik 21:00etara; zapatuan goizez eta arratsaldez izango da, 10:00etan hasi eta 14:00etara arte eta 16:00etatik 20:00etara.
Ikastaroa Pili Alvarez Moles feminista ekintzaileak gidatuko du.
Ez da estreinako aldia Ondarroan autodefentsa feminista ikastaroa antolatzen dena. Izan ere, urtean behin bada ere, antolatu egiten dute, eta antolatzen den aldi guztietan herritarrek parte hartu egiten dute, interes handiz, gainera.
Teknikatik haratago
«Autodefentsa feminista ez da bakarrik eraso baten aurrean kalean nola erantzun jakiteko teknika fisiko batzuk ikastea; hortik haratago doa». Elkarrengandik ikasiz, bizitzako jarrera bat hartzean datza. Horrela, egunero-egunero gertatzen diren eraso sexistak identifikatzea eta eraso horiei erantzuna ematea lortzen da. «Hortxe dago gakoa, jarrera hori geureganatzean. Emakumeok defendatzeko ahalmena daukagula azpimarratzen da», azaldu dute antolatzaileek.
Berdintasun Sailetik herritarrei animatzeko eta ikastaroan parte hartzeko gonbitea luzatu diete. «Animatu, eta etorri arropa erosoekin».
Orain arteko saioetan egin modura, Txirrimorraski herriko denbora libre taldeari esker, Etxelilak haurtzaindegi zerbitzua eskainiko die parte hartzaileei. Zerbitzu horretaz baliatzeko, baina, aurretiaz jakinaraztea «ezinbestekoa» dela jakitera eman dute.
Ikastaroan parte hartzeko herritarrek Etxelilara edo Ondarroako Udaleko Berdintasun Sailera joan edo deitu beharko dute: 94-613 40 08 edo etxelila@ondarroakoudala.net (Etxelila); 94-683 36 70 edo emakume@ondarroakoudala.net.
Geugaz aldizkaria, kalean
Beste alde batetik, Berdintasun Sailak argitaratzen duen Geugaz aldizkariaren 3. zenbakia ere kalean dago; aldizkaria herriko zenbait leku publikotan eta Interneten dago irakurgai.