30 kirolari batuko ditu zapatuan Euskadiko Fitness Txapelketak
Busturialdeko ordezkaririk ez da egongo, eta Lea-Artibaiko bakarra igoko da Lizeoko oholtza gainera. Antolatzaileen esanetan, baina, maila ona emango dute kirolariekXIV. Euskadiko Fitness Txapelketa jokatuko da zapatuan, Gernika-Lumon. Lizeo antzokiak ...
Busturialdeko ordezkaririk ez da egongo, eta Lea-Artibaiko bakarra igoko da Lizeoko oholtza gainera. Antolatzaileen esanetan, baina, maila ona emango dute kirolariek
XIV. Euskadiko Fitness Txapelketa jokatuko da zapatuan, Gernika-Lumon. Lizeo antzokiak 30 parte hartzaile hartuko ditu aurten, lau kategoriatan banatuta: Hastapeneko Body Line, Body Line Fitness, Fitness mutilak eta neskentzako Bikini kategoria. Azken horretan, baina, bi parte hartzaile baino ez direla izango zehaztu du txapelketako antolatzaile Eduardo Lekunberrik. Fitness kirolean emakumezkoen parte hartzea sustatzea ere badu helburu Gernika-Lumoko txapelketak. Hala ere, parte hartzea oraindik txikia da.Gainontzeko kategoriei dagokienez, aipatu beharra dago aurten, lehenengoz, Busturialdeko ordezkaririk ez dela egongo. Fitnessa esfortzu handia eskatzen duen kirola dela aitortu du Lekunberrik, eta horretan ari direnek atsedena hartu behar izaten dutela. «Aurten suertatu da eskualdeko kirolariek deskantsua hartzea erabaki dutela. Parte hartzeko egon den bakarrak oso nekatuta amaitu du Bizkaiko txapelketa, eta ez dut uste aurkeztuko denik».
Hala ere, hurrengo urtera begira, taula gainean berriro Busturialdeko kirolariak ere izango direla uste du.
Lea-Artibaik ordezkari bat edukiko du: Etxebarriko Ioritz Calle. Iñigo Vicens prestatzaile ondarrutarrak gidatuta, Bizkaiko finalerako sailkatu zen. Vicensek prestatuta parte hartuko du, baita, Joaquin Sol Jokin-ek. Azkoitiarrak bigarren egin zuen Gipuzkoako txapelketan. Body Line kategorian lehiatuko da Calle, eta Body Line Fitness kategorian egingo du Solek.
Aurten, beste alde batetik, Bizkaiko eta Gipuzkoako finalistak ekarriko dituztela esan du Lekunberrik, eta eszenatokian maila oneko kirolariak batuko direla.
Sariketa 16:30ean hasiko da, eta sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira. Aurretiaz, Santanape kiroldegian eros daitezke.