Jendea barra-barra batu da XV. Antxoa Egunean
Beste urte batez, ondarrutarrak antxoaren enbaxadore bihurtu dira, eta jaiak eztanda egin du alde zaharrean. Ehunka pertsona izan dira antxoa pintxoak dastatu eta giroaz gozatzera hurreratu direnak.Eguraldia lagun, herriko eta kanpoko ehunka pertsona b...
Beste urte batez, ondarrutarrak antxoaren enbaxadore bihurtu dira, eta jaiak eztanda egin du alde zaharrean. Ehunka pertsona izan dira antxoa pintxoak dastatu eta giroaz gozatzera hurreratu direnak.
Eguraldia lagun, herriko eta kanpoko ehunka pertsona batu zituen Antxoa Egunak. Denak ere elkarte gastronomikoek eta kuadrillek prestaturiko antxoa pintxoak jateko gogoagaz hurreratu ziren Ondarroako alde zaharrera.12:00etan hiru turrunek jotzeagaz batera hasi zen jai handia. Minutuek aurrera egin ahala, jai usaina herri osoan zabaltzen hasi zen, eta horregaz batera, itsasoagaz zerikusia zuten kantuak han-hemenka entzuten hasi ziren, giroa erabat berotuz.
Beste urte batez, Musika Eskolako haurren eta Kantaize orfeoiaren kantuek arrakasta handia izan zuten. Hain zuzen ere, bataren zein bestearen kantuak entzuteko gogoagaz jende asko batu zen haien inguruan.
Kantu herrikoiek ez eze, aurtengo berritasunak ere, arrakasta handia izan zuen. Kantoipe errebueltan arrainez betetako igerileku txiki bat ipini zuten, eta haren inguruetan ume asko batu zen. Ixkireroak eskuetan, koloretako arrainak harrapatu eta etxera bateren bat eramaten saiatu ziren denak.
Ofizioak kalera
Era berean, itsasoagaz zerikusia duten ofizioak bertatik bertara ikusteko aukera ere eskaini zuen jaiak. Portuko sare konpontzaileak sareak josten egon ziren, eta haruntzago, fabriketan egiten dute modura antxoak garbitu eta hauek oliotan ipintzen aritu ziren ordu luzez.
Bestalde, Salba Dezagun Antxustegi plataformako kideak Alamedan sinadura batzen aritu ziren. Plataformako kideen esanetan, egurrezko azken atunontzia salbatzeko eskaera nahikoa jendek sinatu zuen.
Jaiari amaiera emateko, Zilarrezko Antxoa saria banatu zen Zubi Zaharraren parean. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Itsas eta Nekazaritza sailburuordeak eman zion saria Miguel Beitia Miel Muturi.
Saria erabat hunkituta eta pozik jaso zuen Beitiak. Dantzan ere ibili zen oholtza gainean, han aurrean batuta zeuden herritarren gozamenerako.
Ekimenak Boga-Boga abesten amaitu zituzten, eta pintxo jana eguerdian amaitu baldin bazen ere, jaiak ordu txikiak arte iraun zuen.