EAJ izan da nagusi, baina aukera berriek ezustekoa eman dute
Busturialdean 1.634 boto irabazi dituzte jeltzaleek, eta 4.747 galdu ditu EH Bilduk. Bermeon eta Busturian aukera berriek alderdi bitasunagaz amaitu duteBusturialdeko mapa politikoan aldaketak ekarriko dituzte herenegungo udal hauteskundeek. 20 herriet...
Busturialdean 1.634 boto irabazi dituzte jeltzaleek, eta 4.747 galdu ditu EH Bilduk. Bermeon eta Busturian aukera berriek alderdi bitasunagaz amaitu dute
Busturialdeko mapa politikoan aldaketak ekarriko dituzte herenegungo udal hauteskundeek. 20 herrietako emaitzei begiratuta, Eusko Alderdi Jeltzalea izan da aukerarik bozkatuena. 11.986 boto izan ditu guztira, baina, kopuru hori aztertzerakoan kontuan izan behar da Gernika-Lumon Euzko Abertzaleak hautagaitzagaz batera aurkeztu direla jeltzaleak.EH Bildu izan da Busturialdean bigarren indarrik bozkatuena, 9.131 botorekin. Ezker Abertzaleak, EAk eta Aralarrek osotutako koalizioak, beraz, behera egin du boto kopuruan, 2011ko udal hauteskundeetako datuekin alderatuz gero. 13. 877 boto izan zituen orduan Bilduk (EA eta Ezker Abertzalea); beraz, 4.747 bozka galdu ditu.
Hala ere, eskualdeko aukera politiko berriek eman duten ezustekoa ere aipagarria da. Bermeon eta Busturian, batez ere, zeresan handia izan dezakete ordezkaritza lortu duten plataformek. Bermeon, bi zinegotzi eskuratu ditu Guzan hautagaitzak, eta bat Izartuk. EH Bildu izan da aukerarik bozkatuena oraingoaan ere, baina alde txikia atera dio EAJri. Hala, zinegotzi kopuruan berdinduta daude bi alderdi nagusiak, zazpinagaz.
37.005 herritarrek izan dute 2015ean botoa emateko eskubidea; 2011n, aldiz, 37.119k.
Aukera berriak
Bermeon, beraz, Guzanen eta Izarturen botoak erabakigarriak izango dira ekainaren 13an, alkatea izendatzeko. Idurre Bideguren gaur egungo alkatea «pozik» agertu da emaitzekin, eta «akordioen agintaldia» datorrela esan zuen EAJren zerrendaburu Aritz Abaroak.
«Harridura» erakutsi zuen Guzaneko zerrendaburu Xabi Ortuzarrek, uste zutena baino boto kopuru gehiago eskuratu zituztelako. Izarturen zinegotzia izango den Arkaitz Cabañasek ere modu positiboan baloratu zituen datuak: «Aurrerantzean proiektu ezberdinak aurrera ateratzeko aukera izango dugu».
Bidegurenek ere parte hartzea sustatzeko ahaleginak egitearen beharra aipatu zuen, eta kezka agertu zuen abstentzioaren datuengatik. Izan ere, herri horretan ia %36koa izan zen abstentzioa domekako hauteskundeetan. Hain zuen, Bermeoko hautesle kopuru orokorretik 4.837 herritar izan ziren herenegun botorik eman ez zutenak. Zortzigarren zinegotzia lortzeko 277 boto falta izan zituen EH Bilduk.
Gernikan ere aldaketak
Busturialdeko bigarren herririk handienean aldaketarik ez da egongo alkatetzan. Hala, Jose Mari Gorroño izango da alkate datozen lau urteetan ere. Oraingoan, baina, EH Bildu koaliziotik kanpo gobernatuko du, EAJgaz bat eginda.
Gorroñoren hautagaitzaren (EuzkoAbertzaleak) eta jeltzaleeen koalizio horrek 4.950 boto izan ditu udal hautekundeetan, eta 2.891 EH Bilduk. Azken horrek 2.989 boto galdu ditu oraingoan (5.880 izan zituen 2011n). Euzko Abertzaleek eta EAJk, aldiz, 4.950 bozka izan dituzte.
11 zinegotzi izango ditu koalizio berriak, eta 6 EH Bilduk. Gernika-Lumon ere 2011n baino altuagoa izan da orain abstentzioa. %25,62koa izan zen orain lau urte, eta %31,68koa aurten. Hala, 4.073 izan ziren domekan botoa eman ez zuten herritarrak. EH Bildu geratu zen beste zinegotzi bat lortzetik hurbilen, 260 botoren faltan.
Busturian, BITen esku
Busturian, aldiz, BITek (Busturia Independenteen Taldea) eman du ezustekoa, eta bi zinegotzi edukiko ditu. EH Bildurekiko 60 botoren aldeagaz, EAJ izan da aukerarik bozkatuena, 380 botogaz. BITek 202 eskuratu ditu. Hala, talde berriagaz adostasunera heltzeko ahaleginak egingo dituztela esan zuen atzo EH Bilduren hautagai Andoni Elorrietak, eta EAJk ere beste horrenbeste egin beharko du alkatetza ziurtatzeko. Abstentzioa ia %30ekoa izan da, eta EH Bildurentzat litzateke hurrengo zinegotzia, 61 botoren faltan.