Mendian gora eta behera, lanbropean
Eguraldia ez zuten lagun, baina ez zen beraien kezka nagusi izan. Makilaren laguntzagaz edo laguntza gabe, mendian gora eta behera hainbat kilometro egin zituzten Ajangizen lanbropean bildutakoek.Mendieta auzoko plazan elkartuta abiatu ziren domekan 21...
Eguraldia ez zuten lagun, baina ez zen beraien kezka nagusi izan. Makilaren laguntzagaz edo laguntza gabe, mendian gora eta behera hainbat kilometro egin zituzten Ajangizen lanbropean bildutakoek.
Mendieta auzoko plazan elkartuta abiatu ziren domekan 210 bat lagun Ajangizko txoko ezberdinetarantz. 08:30ean atera ziren ibilbide luzean parte hartzeko izena emana zutenak (160 bat lagun), eta 09:30ean, berriz, ibilbide laburrekoak (50 bat pertsona).Ajangiz inguruko herrietatik ez ezik, Durango eta Azkoitiatik etorritako lagunak ere bildu zituen Ajangizko VIII. Mugetatik Birak. Parte hartzaile gehienek oinez egin zuten ibilbidea, baina lasterka egin zuenik ere izan zen. Hala, azkarrenak bi ordu eta bi minutu behar izan zituen helmugara iristeko.
«Gustura» ibili ziren mendizaleak herriko mugetan barrena, eta indarrak berreskuratzeko batu ziren bata zein bestekoak, berriro ere, plazan. Bertan, saiheskia, urdaiazpikoa eta txorizoa jateko aukera izan zuten, besteak beste, eta, laguntzeko, Ajangizko txakolina edan zuten parte hartzaileetako askok.
Ajangizko jaien barruan ospatu zuten domekako martxa, baina ez zen egitarauko ekintza bakarra izan. Apirilaren 26az geroztik, pilota partidak nagusitu dira herrian. Maiatzaren 13an, gainera, Saragiaren igoera egin zuten, eta, hurrengo egunean, aldiz, meza eta briska txapelketa. Barikuan, musikak hartu zuen indarra, eta jende andana bildu zen gaueko kontzertuetan. Zapaturako, dantzak eta herri bazkaria zituzten antolatuta. Domekan, azkenik, mendi martxaz gain, Muxikako andren antzezlanagaz, mus txapelketagaz eta sardina janagaz gozatu zuten Ajangizen bildutakoek.