Lan hitzarmen berritua eskatu dute kontserberetako LABeko ordezkariek
“Tamalgarria” da LAB sindikatuaren arabera, beste urte batez, Arrain Azokaren inauguruzioan egon beharra edukitzea “gure eskubideak kendu ez gaitzatela eskatzeko, eta dauzkagun bizi baldintzak mantendu eta hobetu behar direla oihukatzen ibiltzea”. Era berean, 2007ko lan hitzarmena berritzea eskatzen dute.
Asko dira “azokaz eta norberaz gaurkoan harro” daudenak, eta benetako saria kontserberetako langileek merezi dutela diote. Gogorarazi dutenez, epaiketa askoren ostean, Auzitegi Gorenak arrazoia emanda, egun Bizkaiko hitzarmena dute indarrean, “eta ez hirugarren munduko hitzarmen bat”.
Bestalde, langileak “gero eta zapalduago” daudela diote, “Patronalari asko gustatzen zaion berba batengatik”: Krisia.
LABeko ordezkarien esanetan, “boteretsuenek ahulenak beldurtzeko hainbeste neurri hartu dituzte, eredu argia da mutuen lege berria. Osatu barik lanera joatea derrigortzen duena eta gizartea osasun sistema publiko eskasagaz uzten duena. Horren erakusle da gero eta sarriago ikusten diren antsietate eta beheraldi arazoak, lana galtzeko beldurrez”.
LAB sindikatuaren arabera, gaurko eguna ez da “herriari aberastasuna ekartzeko, enpresariak indartzeko eguna baino. Enpresariak eta politikariak bat egiteko asmakizun eguna da”.