XIX. Hegaluze Saria jaso du gaur Serrats kontserba enpresak. 125 urte daramatza Bermeon lanean, eta epaimahaiak ebatzi modura «enpresaren lana eta ibilbidea aitortu gura da sari horren bitartez».
Ignacio Serrats, Serrats enpresako kudeatzaileak hartu du Hegaluze Saria
Ignacio Serrats (1965, Donostia) Serrats enpresako kudeatzailea da. Familiako bosgarren belaunaldiaren esku dago egun enpresa. 1890. urtean eraiki zuten kontserbera Bermeoko portutik 100 metrora. Egun, berriz, Landabaso industriagunean daude. 125. urteurrenean Arrain Azoka elkarteko kideek osatzen duten epaimahaiak enpresaren «lana, ibilbidea eta egoera berrietara egokitzeko gaitasuna» aitortu gura izan dio.
Zer suposatzen du Serrats enpresarentzat Hegaluze Sariak?
Ilusio handia egin digu eta poztasun handiz jasoko dugu saria.
Espero al zenuen?
Gu geu izan ginen gure hautagaitza aurkeztu genuenak. Hortaz, aukerak bazeuden. Hala ere, bagenekien zaila izango zela.
Hegaluze Sariarekin, besteren artean, Bermeoren izena zabaltzea saritzen da, eta zuek horretan laguntzen duzue, ezta?
Hala da bai. Horregatik uste dut saria jasotzeko hautagai onak ginela. 25 herrialde baino gehiagotara heltzen dira gure produktuak, beraz, horietara guztietara zabaltzen da Bermeoren izena. Herrialde horietako leku onenatan aurki daitezke gure produktuak.
Zergatik aukeratu zuten Bermeo Serrats enpresa sortzeko?
Gironako (Herrialde Katalanak) L’Escalatik zetozen gure arbasoak. Han antxoa asko zegoen, eta Mediterraneo itsasoan dagoen antxoaren antzeko kalitatearen bila zeuden, baina antxoa kantitate handiagoaren bila ari ziren. Horregatik aukeratu zuten Kantauriar isurialdea, baina zehazki Bermeo zergatik aukeratu zuten ez dakit esaten.
Garai berrietara egokitu behar izan duzue, ezta?
Enpresa berritzailea izan gura dugu, eta horrek prozesuen eta produktuen aldaketak eskatzen ditu. Nire heren-aitonak eta birraitonak antxoa gazitua baino ez zuten egiten, ez zegoen kontserbarik. Egun, aldiz, batik bat hegaluzearekin lan egiten dugu eta kontserbak egiten ditugu.
Zein da zuen produkturik ezagunena?
Oliba olioan egindako Hegaluzea. Hala ere, Kantauriko antxoa lantzen dugu, hegalaburra oliba oliotan, sardinak edota muskuiluak. Produktuak beti gorengo kalitatezkoak dira.
Bermeon egiten al da guztia?
Ez, sardinak, muskuiluak eta berberetxoak Galizian egiten dira, gurelako enpresa txiki batean. Ondoren, Bermeon jartzendira etiketak.
Zenbat langile dituzue?
Ekoizpen lanean ari garenean 80 lagun inguru izaten gara.
Etorkizunera begira, produktu berriren bat duzue begi artean?
Ideia asko bai, baina egun, nazioarteko merkatuetara begira ari gara berriro. Egun, gure ekoizpenaren %30a saltzen dugu nazioartean, 25 herrialdetan. Datu ona bada ere, handitzea gustatuko litzaiguke.
Zer egingo duzue 125. urteurrena ospatzeko?
Gure ahalbideen esku dauden hainbat gauza ditugu buruan. Izan ere, uste dugu, herriari eskerrak emateko unea ere badela. Arrain Azokan hasiko gara pintxoak eskaintzen. Familian sukaldaritza zuzenean ekimenean ere parte hartuko dugu eta sariak ematen ere parte hartuko dugu, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako sukalkian esaterako. Kirol ekintzaren batean parte hartzea ere asko gustatuko litzaiguke eta udalarekin harremanetan ari gara horretarako. Horiek herrira begira buruan ditugun zenbait gauza baino ez dira, Galernako urteurrenean ere parte hartuko dugulako. Bestalde, langileekaz ere ospatu gura dugu eta jai bat egingo dugu horretarako. Familian ere ziurrenik beste jai bat egingo dugula, elkarrekin ospatzeko.