Itsas ondarea ikertzea helburu duen Itsas Gela elkarteak Mater Museoa ikusteko aukera eskaini nahi die, beste behin ere, herritarrei. Euskal itsas kultura eta tradizioa ezagutzera emateaz gain, ingurugiroa babesteko arrantza teknika arduratsuak ere sustatzen ditu Mater euskal atunontziak. Hala, hori eta gehiago erakusteko, Euskal Herriko beste zenbait portutan bezala, Bermeon ere izango da egunotan.
Maiatzaren 7an Pasaiatik atera zen Mater Itsasontzi Museoa Bilborantz, eta 8tik 12ra bitartean, Bizkaiko hiriburuan izan da, Hondakinen arrantza egitasmoa gauzatzen. Eguaztenean, berriz, Bermeora iritsi zen Mater itsasontzia, eta kostaldeko herri horretan izango da domekara bitartean. Egun horretan aterako baita Bermeoko portutik Getariarako norabidea hartuta. Pasaia izango du, bestalde, azken portua, maiatzaren 20an.
Mater Museoak arrantzan egiteko itsasontzi baten itxura mantentzen du, eta, horregatik, arrantzaleak nola bizi diren, horiek zein arrantzagunetara joaten diren eta zer-nolako tresneria erabiltzen duten ezagutzeko aukera aparta eskaintzen du, besteak beste.
Mater Museoak, gainera, itsasoan barrena nabigatzeko baimena du, eta, horretaz baliatuz, itsas hondakinak arrantzatzeko egitasmoa gauzatzen du itsasertzean. Horrez gain, sentsibilizazio tailerrak ere egiten dituzte portuetan.
50 milioi tona hondakin
Izan ere, Itsas Gela elkarteak jakinarazi duenez, «Bizkaiko golkoan, 50 milioi tona hondakin daude gainaldearen eta 200 metroko sakoneraren artean». Iturri beraren arabera, «ikerketek diote hondakinetatik datorren plastikoen substantziek kutsatuta dagoela itsasotik eratorritako elikadura».
Horregatik, eta ingurugiroagaz lotutako arazoaz kontzientziarazteko jarri du, beste urte batez, Itsas Gelak Hondakinen arrantza deitutako egitasmoa.
Eguaztenean izan zuten herritarrek aipatu itsasontziaz gozatzeko lehen eguna. 16:00etan, itsas hondakinak arrantzatzera abiatu zen portutik itsasorantz. Gainera, atzo, itsasontzia bera ezagutu eta bertako tailerretan parte hartu ahal izan zuten bertaratutako lagunek. Gaur eta bihar, eskaintza berezia egingo dute: 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 20:00etara Arrain Azokara bisita gidatuak egingo dituzte. Domeka goizean ere, gauza bera egingo dute, eta, 16:00ak inguruan Getariko porturako norabidea hartuko du Mater Museoak.