Hondeamakinak Laidan
Ez da berdin hondartza egon edo ez egon, bestela galdetu he- mengo tabernariei». Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak azpimarratu du Laida inguruko ostalaritza eta zerbitzu enpresentzat sekulako garrantzia duela hareatza horrek.
Iazko urtarriletik martxora bitarteko denboraleek gogor astin- du zuten euskal kostaldea. Laidak harea gehiena galdu zuen, olatuek itsaso zabalera eroan zutelako. Azpiegituretan eragindako kalteez gain, hondartza beraren irudia ere guztiz itxuraldatuta geratu zen.
Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Patronatuaren onespena jasota, hondartzan hasi dituzte lehengoratzeko beharrak. Horrela, leheneratzeak hondartzaren inguru naturala suspertzea espero dute egitasmoaren sustatzaileek: Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Sailak eta Espainiako Kosten Mugapeak.
Udarako dena prest izatea gura dute. Izan ere, urte osoan bertoko eta kanpoko bisitari ugari igaro arren, hondartza garaian jende- tza biltzen da Urdaibaiko hareatza guztietan eta, bereziki, Laidakoan.
Egin beharreko lanak zehaztu aurretik, Eusko Jaurlaritzak Laidako hondartzaren mantentze, erabilera eta gozamenaren eragin sozial eta ekonomikoaren azterlana egin zuen. Azterlaneko datuen arabera, urtero 210.000 bisitari hartzen ditu Laidak. Horregatik, txostenean udalerrirako zein ingururako sortzen duen aberastasuna azpimarratzen da. Bertan zehazten denez, «funtsezko aktiboa eta motor ekonomikoa da Ibarrangelurentzat, Urdaibairentzat eta Euskal Autonomia Erkidegoarentzat».
Arketa kanpinean, esaterako, ondo dakite hori. Inguruko ostalariek bezala, iaz jende gutxiago zebilela igarri zuten. Kanpineko arduradunen berbetan, «lehengoratzea inguru guztiarentzat izango da onuragarria; hondartzarik ez badago, jendea ez da etortzen». 1981. urtetik dago zabalik kanpina, eta hamarkada hauetan hondartzak pairatutako aldaketen lekuko izan dira bertako langileak zein erabiltzaileak.
Kalteak konpontzen
Hondartzak higadura handia pairatu zuen denboraleen ondorioz, eta konponketa ugari egingo dituzte: sarbideak eta harrizko lubaki hormak berreraiki, barandak ipini, errekastoaren emaria leheneratu, dunetako landare espezieak landatu eta dunak lehengoratzeko eremua mugatu.
Itsasoaren indarrak hondarra mugiarazi du, eta olatuak lehen baino barrurago sartzen dira, bidea libre dutelako. Hau da, itsasadarrak baino indar handiagoa izan du itsasoak, eta horrela hondarra nabarmen lekualdatu du.
«Hemen, goiko aparkalekuaren parean lehenago area zegoen, eta orain beste aparkalekuaren parerantz eraman du itsasoaren indarrak. Mugitu da itsasoaren indarraren ondorioz, eta itsasadarrak ez du nahikoa indarrik beste alderantz bultzatzeko», dio Ziluagak lanen arduradunekin berba egin ostean.
Lehengoratze prozesuan 40.000 metro kubo hondar mu- gituko dituzte. Hondartzako perimetroaren barnean adituek zehazturiko hiru lekutatik hartuko dute hondarra, eta beharrezkoa den tokietara zabalduko dute. Hala, itsasbeheran zehazturiko tarteak goldatuko dituzte.
Lan horiekin, Mundakako barraren, Laidako hondartzaren eta estuario barruko korronteen oreka bermatu gura dute. Izan ere, horietako bat aldatzeak eragin zuzena du besteengan.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean dago Laida, eta, erabat babestutako eremua denez, lanak kontu handiz egiten dabiltza. Ibarrangeluko alkatearen berbetan,«eskulana eskatzen du, esku hartze biguna; kontua da makineria ahalik eta denbora gutxien egotea». Udarako behintzat hondartza txukun eta erabiltzaileek gozatzeko prest utziko dute.