Casco Viejo taberna, Arrain Azokako pintxo lehiaketako irabazlea
Ainara Garcia Bengoa: «Probatzeko parte hartu genuen, saririk espero barik, eta ondo atera da»
Eleizalde ikastolak antolatzen duen pintxo lehiaketa Casco Viejo tabernak irabazi du. Zubigane tabernaren pintxoa izan da bigarren onena eta hirugarrena, berriz, Sarabanda tabernarena. Oraindik, publikoaren saria zeinek jasoko duen jakiteke dago. Bihar bertan jakinaraziko dute irabazlea, pfrofesionalek eta publikoak aukeratutako pintxo onenen sari banaketan. Ainara Garcia Bengoa (Bermeo, 1981) Casco Viejo tabernako langileagaz aritu gara hizketan.
Pintxo lehiaketako lehenengo saria jasoa duzue. Pozik?
Bai, oso pozik gaude. Probatzeko parte hartu genuen lehiaketan, saririk irabaztea espero barik. Zer-nolako pintxoa aurkeztu ahal genuen pentsatzen hasi eta probak egiten hasi nintzen, eta, azkenean, ondo atera zaigu. Esperientzia oso ona bizi izan dugu.
Lehenengo aldia da, beraz, lehiaketara aurkezten zaretena.
Bai, lehen aldia izan da. Taberna jabez aldatu da, eta berritasun puntu bat sartu nahi genion. Herritarrei ezagutzera eman nahi genien taberna.
Ezagutzera eman duzue, eta, ospea ere lortu al du tabernak saria irabazita?
Nik uste dut ospe apur bat eman diola; horrelakoek asko laguntzen dute-eta. Lehiaketa dela-eta, jende gehiago bildu da, behintzat, tabernan.
Zein pintxo aurkeztu duzue lehiaketara?
Pintxo bakarra aurkeztu dugu: Berdel marinatuaren bizkarra, marrubi eta limazko ozpin-olioarekin. Goxoaren eta garratzagoaren arteko kontrastea jendeari asko gustatu zaio. Dastatzeko aukera egon den hilabatean jende asko igaro da tabernatik, eta gozoa zegoela esan izan digute.
Lehiaketara aurkeztu aurretik, salgai eduki al duzue pintxoa?
Ez, ez dugu ordura arte tabernan eduki.
Eta, aurrerantzean, herritarrek berau erosterik izango al dute?
Bai, asteburuetan izango dute berau erosteko aukera tabernara datozenek.
Lehenengo saria jasotzeko, sekreturen bat edo beste izango du pintxoak, ezta?
Aldaketa bat edo bestegaz, baina amonaren errezetan dago pintxoaren sekretu bakarra.
Lehiaketara aurkeztutako gainontzeko pintxoak probatu al dituzu?
Dastatu ez ditugu dastatu, baina horien itxura ikusi dugu. Zapore aldetik ez dakit nolakoak izango ziren, baina itxura, behintzat, aparta izan dute.
Lehenengo saria esku artean, datorren urtera begira, berriro parte hartzeko asmoz?
Bai, lehenengo saria jasotzeak motibazio eta ilusio gehiago ematen dizu hurrengo lehiaketarako.