Uztailaren 30ean eta 31n eta abuztuaren 1ean, 'Mundaka The Basque Music & Cook Festival' hartuko du Santa Katalinak. Urdaibaira begira antolatutako jaialdia da.
Emankor Sarea
Mundaka the Basque Music & Cook Festival jaialdia antolatzeko lanetan ari da. Nazioarteko jaialdia izango da uztailaren 30ean eta 31n eta abuztuaren 1ean Mundakako Santa Katalinan egingo dutena, eta musika, gastronomia eta natura uztartzeko asmoz helduko dira Mundakara. Amets Rodriguez eta Oskar Baraiazarra mundakarrak ari dira antolaketan. Mundakarrak izanik, ilusio handiz ari dira lanean.
Zelan hasi zineten mota honetako jaialdi bat antolatzeko lanetan?
Emankor Sareak 26 urte daramatza kultura arloan lanean. Gure proiektuen abiaburua kultura da. Iaz hasi ginen Madrilen, Euskadi Suena…en Madrid jaialdiagaz. Gure kultura hara eroan genuen, Euskal Herriko talde hasiberriek zein talde ezagunek parte hartu zuten. Ondo atera zenez, orain dela bi aste egin genuen Euskadi Suena… en Gijon. Konturatu gara, baina, gure kultura kanpora ateratzen ari garela, baina gurean ere badagoela zer egin. Urdaibaik azken aldian bizi izan dituen krisiei bultzada bat emateko zer edo zer antolatu behar genuela etorri zitzaigun burura. Baina ideia hau orain dela bi urte ingurutik daramagu buruan. Kultura zabaltzeaz gain, garapen ekonomikoari bultzada emango dion jaialdia izango dela uste dugu. Gure eskualdeak gauza berriak behar ditu, eta bide horretan ari gara lanean.
Zergatik Mundaka eta Santa Katalina?
Mundakarrak gara, eta guretzat Santa Katalina leku berezia da, energia berezia dauka mundakarrentzat leku hark. Jaialdi desberdina egitea da gure asmoa, besteengandik bereiziko duena. Musika jaialdia izango da bai, baina txikiagoa, zainduta… jendea ondo sentitzea gura dugu. Era berean, musika jaialdia izateaz gain, gastronomia eta natura ere uztartuko ditu. Naturagaz ondo zetorren, gainera, nazioartean ezaguna den Mundakako ezker olatua. Horregatik guztiagatik aukeratu dugu Mundakan egitea.
Hala ere, Urdaibaira begira antolatutako jaialdia da.
Bai, Urdaibaik turismoa hartzen du udan, baina joan-etorriko irteerak izaten dira normalean. Jaialdi honegaz, berriz, jendea egun batzuetarako bada ere, hemen geratzea lortu gura dugu, gure eskualdean dirua uztea, alegia. Bestalde, eskualdean bizi direnei begira, beste aukera bat ematea da helburua, zerbait berria.
Herrira ere zabalduko da, ezta?
Bai, Santa Katalinako gunea musika jaialdia egiteko erabiliko da. Bertoko zein nazioarteko taldeak izango dira, oraindik aurreratu ezin daitezkeenak. 5.200 lagunentzako lekua badago ere, 4.000ra mugatuko dugu sarrera, asmoa jendea eroso egotea baita, pilatuta egon barik. Jaialdia, baina, 4.000 lagun baino gehiagok bizitzea gura dugu. Horregatik, egunez, herrira zabalduko da jaialdia. Esaterako, Urremendigaz lanean ari gara bertoko ekoizleek jaialdian lekua izan dezaten. Mundakako Talak hartuko du jaialdiaren alde gastronomikoa eta surferoa. Gastronomia aldetik,
showcooking-ak, tailerrak, dastatzeak izango dira besteren artean. Bestalde, agenda surferoa ere izango da, tailerrekin eta erakustaldiekin, zerbait aipatzekotan.
Adin guztiei zuzendutako egitaraua prestatuko duzue?
Egunean herrian izango diren jardueretan bai, Santa Katalinako musika jaialdia, berriz, helduentzat da. Kulturagaz eta musikagaz konprometituta daudenei zuzendutako jaialdia da, hori da perfil egokia.
Oraindik zarratu barik badago ere, zenbat talde izango dira?
Esan ahal duguna da hiru egunetan izango direla nazioarteko taldeak. Euskal Herriko taldeak asko izango dira. Santa Katalinatik kanpo ere, herriko zenbait gunetan bertoko taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango da, jaialdia dinamitzatzeko eta alaitzeko.
Prest al dago Mundaka horrelako jaialdi bat hartzeko?
Ez da Mundakako jaialdi bat, baizik eta Urdaibairi begira antolatutako jaialdia, eta Bilbo ere hurbil daukagu. Gu ez gaude ohituta, baina kanpotik datorren jendearentzat Mundaka eta Bilbo hurbil daude, distantziak desberdinak dira beraientzat. Aurten berandu gabiltza, baina datorren urterako aukera gehiago eskainiko ditugu, sarrera mota ezberdinak; lo egiteko edota garraio publikoan bertotik mugitzeko aukerekin… aurten, baina, lekuak direnak dira, eta, agian, Mundakak ez dauka edukiera handirik, baina bai Urdaibaik bai eta Bilbok ere. Ingurumenagaz konprometitutako jaialdia izango da, gainera, eta garraio publikoaren erabilera bultzatzen saiatuko gara. Musika jaialdian 4.000 lagunentzako lekua baino ez badago ere, herritik 8.000 lagun inguru ibiliko direla uste dugu. Antolakuntzatik saiatuko gara ahalik-eta zerbitzu gehienak ematen. Denok irabazteko eta gozatzeko jaialdia izatea gura dugu.
Jarraipena izateko asmoagaz, hortaz.
Noski baietz, geratzeko iritsi gara.
Ahalegin handia eskatzen du halako jaialdi bat antolatzeak?
Handia! Aurten, gainera, lehenengoa izanik, are gehiago. Ziur gaude, datorren urtean, errazagoa izango dela, aurtengoa izango baitugu erreferente. Baina oso polita izango da, eta merezi du lanak!
Mundakako Udalagaz elkarlanean ibiliko zarete.
Elkarlanean ari gara bai Mundakako Udalagaz bai eta Urremendigaz ere. Hasiera batetik hartu zuten ondo jaialdiaren ideia, halako gauza bat antolatzeko ordua zela esaten ziguten. Beraiegaz musika jaialditik kanpoko agenda lantzen ari gara. Busturialdeko ostalariek, merkatariek zein ekoizleek jaialdia aukera baten modura bizitzea gura dugu, erakusleiho bat izan daiteke eurentzat. Gure eskualdeak denetarikoa du, falta den gauza bakarra edukia da. Inoiz ez dugu eskualdea saldu, edo, agian, ez dugu jakin saltzen.
Ordutegia ba al daukazue zehaztuta?
Santa Katalinako musika jaialdia 19:00etatik aurrera izango da, goizaldera arte. Herrian, berriz, goizean hasi eta 18:00ak bitartean izango dira gauzak aukeran. Asmoa da gauza batek bestea ez oztopatzea, eta horregatik, 18:00etan amaituko dira eguneko gauzak.