Eguraldi goibela izan arren, Ibarrangeluko eta inguruko herrietako bizilagun asko hurbildu dira azokara. Izan ere, askorentzat jai eguna izanda, inork ez du hutsik egin nahi izan bi urterik behineko hitzordura.
11:30etatik erakusmahaiak bertako eta inguruetako ekoizleen produktuz beterik egon dira. Denak ere duten onenarekin joan dira. Ortuariak, etxeko ogia, euskal pastela, eztia, mermelada, antxoa, bitxiak… ikusteko eta erosteko eskaintza zabala egon da.
Horregaz batera, Athletic-en inguruko argazki erakusketa ere ipini dute. Dotore apaindu dute gainera, inguru guztia zuri-gorriz beteta. Aspaldiko zuri-beltzeko argazkiekin eta azken urteetakoekin osatu dute erakusketa.
Bestalde, zaldiekin herrigunetik txangoa egiteko aukera ere egon da. Aukera ondo aprobetxatu dute askok, eta udaletxe parean ilaran zain egon dira, norbere txanda noiz helduko itxaroten. Pozik ibili dira denak zaldi gainean, batik bat ume eta gaztetxoak.
Arratsaldean gehiago
Goiz eta eguerdian ez ezik, arratsalderako ere plan ederra prestatu dute ibarrangelutarrek. 16:00etatik aurrera mus eta briska txapelketak jokatuko dituzte. Bestalde, 18:00etan Atzekabe taldearen kontzertua hasiko da, eta ostean Maitzama erromeriagaz kantuan eta dantzan amaituko dute eguna.