Amaia Artetxe: Maiatzak dakarrena, urak ez daroa
Beharginen eguna, Arrain Azoka, lehen jaunartzeak eta hauteskundeak. Maiatzarekin batera datoskuna koktela da; ez da makala! Gaur bertan ospatzen da lehenengoa: beharginen eguna eta egia esango deutsuet, zutabe hau idazten nagoen bitartean (eguaztena) desiatzen nau noiz ailegako eguna biharrera ez joateko, deskantsua hartzeko. Eta bai, imajinatzen neban baten batek pentsatuko ebala «zuk sikeran lana daukazu! Ez kejatu!». Bai, arrazoi, baina hori da gaurko egun batez aldarrikatu behar dana hain zuzen, lanpostua bai eta baldintza duinak ere bai. Hori baita lagun askori falta jakena: bizitza duin bat eroan ahal izateko besteko soldata emongo deutson lanpostu bat eta ez lana sufrimendua izateaz gain, zorrak pagatzeko beste emongo ez deutsona izatea. Zertara etorri gara mundu honetara ba?
Benetan, pertsona baikorra kontsideratzen naz, beti aurrera begira pozik eta ilusinoz dagoen pertsona baina, aspaldi honetan ingurura begiratu eta etengabeko ezkortasun batean sartzen naz. Bizitza duina eroan ahal izateko besteko soldata eskatzen dodan bitartean, Nepaleko lagunak etortzen jataz burura eta zer esatea gura dozue, aldarrikatzeko indarra galtzen dot. Zertara demontre etorri dira asko mundu honetara sufritzera ez bada?
Egoera dan modukoa dalako, bizitzeko modua beharbada aldatu egin dalako, gaztetasuna inoiz sendatzen ez dan gaitza omen dalako edo gauzak artez, Bermion beti holakoak izan garalako, eskerrak badatorren beste urte batez Arrain Azoka. Danak kalera urteteko eguna, mahona jantzi eta ardurak etxean izteko diran egun honeek daben balio terapeutikoagatik bakarrik jabon egin behar dira. Baietz ba, «funtziona»-tzen dau, egin bestela aprobada bat aurton; erdu Bermioko Arrain Azokara!.
Maiatzaren bata da gaur, bia izango da bihar eta Amaren Eguna ospatuko dabe askok. Ama batengandik sentiten dana berbetan esateko infinito egun izanda be gatxa dalako, nik badaezpada, gaur idatziz itzi gura dot: ama eskerrik asko nire ama izateagatik. Gora zu!