Titan Desertera, esku bete ilusioz
Astelehenean hasiko den Titan Desert mendi bizikleta proban parte hartzeaz gain, proiektu solidarioa gauzatuko dute 'Basamortura eskuzabal' egitasmoaren bultzatzaileek; HITZAk jarraipen berezia egingo die.Duela bi urte hasitako abentura azkenean ere er...
Astelehenean hasiko den Titan Desert mendi bizikleta proban parte hartzeaz gain, proiektu solidarioa gauzatuko dute ‘Basamortura eskuzabal’ egitasmoaren bultzatzaileek; HITZAk jarraipen berezia egingo die.
Duela bi urte hasitako abentura azkenean ere errealitate bihurtu da. Titan Desert by Garmin mendi bizikleta proba egingo da astelehenean hasi eta maiatzaren 2ra bitartean.Proba horretan Berriatuko (Ander Txakartegi), Ondarroako (Iñigo eta Txomin Bustindui), Markina-Xemeingo (Xabat Arrate) eta Iurretako (Eneko Barrota) bizilagunak egongo dira. Baina eurekin batera, Alex Txikon ere egongo da. Seirek batera talde bat osotzen dute. Baina euren abentura mundu mailako proba egitetik haratago doa. Basamortura Eskuzabal lelopean, lasterketa egin eta proiektu solidario bat gauzatuko dute: 6.000 eurotan baloratutako edukiontzia eramango dute.
Luze jo dute Titan Deserterako prestaketek. Babesleak lortu, produktuak bildu, edukiontzia eramateko ate guztiak jo… Bidea luzea eta maldatsua izan bada ere, Txakartegik, Bustindui anaiek, Barrotak, Arratek eta Txikonek ez dute etsi. Erronka handiei aurre egiteko eginda daudela erakutsi dute.
6.000 eurotan baloratutako materialez betetako edukiontzia Marokon dago jada. Bai eta bizikletak ere. Orain, bakarrik, protagonistak ailegatzea falta da; maletak ilusioz eta gogoz beteta, gaur aterako dira Marokorantz.
Begoñe Arrizabalaga gogoan
Zapatua guztia antolatzeko eguna izango dute. Eta domekan proiektu solidarioa burutuko dute. «Zendu berri den Begoñe Arrizabalagaren kongregazioko mojekin elkartuko gara, bai eta Manuel Tajada Titan Deserteko zuzendariagaz ere. Kongregazioko mojak eta Tejadak hitz batzuk esango dituzte, eta, ostean, edukiontzia emango diegu kongregazioko kideei».
Bihotz handikoak dira seirak. Izan ere, borondatezko akzio solidarioa euren kabuz egin dute, gogotik lan eginez.
Astelehenean, lasterketa gogorrari aurre egin beharko diote. «Gogorra izango dela esan digute denek, baina psikologikoki eta fisikoki prest gaudela uste dugu. Ondo antolatuta gaude, eta elkar babestuko dugu; ondo entrenatu gara, eta egingo dugu».
613 txirrindularigaz
Denaren gainetik gozatzera eta bizitzera doazela diote. «Sufrimendua gozamen bihurtuko dugu». Ezjakintasunak urduri jartzen dituela diote. Baina bateko eta bestekoekin, gogotsu daude guztiak. 613 txirrindularik parte hartuko dute proban, eta sei etapa egin beharko dituzte.