Sei atariko harresi luzea
Erdi Aroan herria inguratzen zuen harresiaren aztarnak bizirik diraute gaur egon oraindik; hari jarraituz herriaren alde batetik bestera ailegatu daiteke ezkutuko bideetatik.Erdi Aroko harresiaren arrastoak begi bistan daude gaur egun oraindik Lekeitio...
Erdi Aroan herria inguratzen zuen harresiaren aztarnak bizirik diraute gaur egon oraindik; hari jarraituz herriaren alde batetik bestera ailegatu daiteke ezkutuko bideetatik.
Erdi Aroko harresiaren arrastoak begi bistan daude gaur egun oraindik Lekeition. Dendari kaleko 47. zenbakitik hilerri sarrerarainoko tartean, harresi zati bat ageri da. Tarte batean, Santo Domingo komentuaren barneko aldean geratzen da harresia, horma batek tapatuta.Joaquin del Valle de Lersundi (Deba, 1922-Iruñea 2009) ingeniari, geologo eta ikertzailek egindako lan handiari esker ezagutzen dira Lekeitioko historiaren atal esanguratsuetako asko. Besteak beste, Lekeitio inguratu zuen harresia ikertu zuen Del Valle de Lersundik, haren inguruan zeuden datu eta xehetasunak aztertuz.
Geologo eta ikerlariak jasotakoaren arabera, Erdi Aroan, Lumentxaren azpian, Isuntzan zegoen portua lotzen zuen bidearen gainean herrigune bat sortu zen. Herrigune hori handitzen joan zen Gaztelako artile, arrain eta ontzigintzari esker. Ardatz nagusia Rua Real edo Dendarikale zuen.
Herrigune hori harresi batek inguratzen zuen, eta gutxienez, bi atari zeuzkan: Portal zaharra edo Portal de Atea (Dendari kalearen amaieran) eta Elexateako portala (Santa Maria elizako dorrearen hegoaldeko fatxadara lotua).
Lekeitio hiribildu bihurtu zenean hedatu egin zen itsasalderaino, baina auzo berria babes barik zegoen. Horrela, 1.334 urtean, herrigune osoa inguratuko zuen harresia eraikitzeko baimena ematen du Alfonso XI.ak. Harresi berri horrek bost ate izango zituen: Atea eta Elexatea portalak mantendu egin zituzten, eta Zumaseta (Gaur egun Artolaba eta Tortola kaleak batzen diren tokian), Apallua (Gallo tabernaren eta Euskadiko Kutxaren artean dagoen kantoia ixten zuen) eta Arranegikoa (Narea kalea eta Arranegi zabala artean) zabaldu zituzten.
Harresia ez zegoen setio luze bat jasateko eraikia, baizik eta herria pirata eta bandokideetatik babesteko. Horrela, metro bateko lodiera zuen horma nahikoa zuten. Apallua, Uribarria, Insaurrondo eta La Pedrera Arranegin amaitzen ziren, eta etxebizitzen atzekaldeak harresi papera betetzen zuen.
Hala ere, defentsa horiek erasotzeko errazak ziren. Horrela, 1414an, Arteaga etxekoek herriko atea igarotzea lortu zutela aurkitu zuen Joaquin del Valle de Lersundik harresien inguruan egindako ikerketan. Beste batzuetan, berriz, babes hobea eskaini zuen. Esate baterako, 1448an, herria erre zenetik gutxira, berriz ere Arteaga sendikoek inguratu egin zuten herria, Zubieta dorreaz jabetu ondoren.
Ondorengo gotortzeak
Harresiaren zati bat indartu zuten ondoren, sei oinetako lodiera zeukan horma bategaz, eta gotortze gehiago egin zituzten aurreraxeago, itsasotik zetozen erasoetatik babesteko. Horretarako, kanoiak jarri zituzten Santa Katalinako puntan. San Nikolas irlan, egun Garraitz, bateria jarri zuten, eta beheko talaian eta San Juanekoan jarri zituzten beste bigaz batera, portuko sarrera itxi zuten.
Hesi hori pasatuta, beste harresi bat zegoen, kanoi-zuloekin. Alarma kasuetan etorbide bakoitzean jartzen zituzten bateriak; hondartzako sarrera babesteko, esate baterako. Independentzia gerran zein Karlistan, artilleria jarri zuten Lumentzan herriaren babeserako.
Gotorleku guztiak itsasoko erasoetatik babesteko egokiak zirela erakutsi zuten, ez, ordea, lurretik egindako erasoetatik babesteko. 1806ko abuztuaren hasieran, Ean lurreratzerik ezin izanda, flota ingeleseko zazpi itsasontzi Lekeitio parean jarri ziren, eta, iluntzean, ontziak uretaratzen hasi ziren lehorreratzeko. Baina egoera horretan orduak egon ondoren, etsi egin zuten ingelesek. Diotenez, seguraski, gotorlekuek erakusten zuten zailtasuna ikusita.
Uriarte familiaren artxiboan dionez, eskerrak horrela izan zela: defentsa prestatzeko markinarren bila joan ziren-eta lekeitiarrak, baina ondarrutarrek aurrea hartu zieten.
1812ko ekainean, berriz ere, ingelesak zeuden Lekeitioren aurrean, baina, oraingoan, Jauregi eta Gipuzkoako boluntarioak zeuden Lekeition herria hartuta zeukaten frantsesak kanporatzeko. Frantsesak San Jose elizan babestu ziren, baina sute baten ondoren, amore eman zuten 400 gizonek.
Suhesia
Beste harresi bat ere ba omen dago, beste izaera batekoa. 1442an Lekeitio suntsitu zuen sutearen ondoren, suhesi bat eraikitzea erabaki zuten, sutea gertatuz gero herritar guztiengana ez ailegatzeko. Horretarako, etxebizitzak baino altuera handiagoko harresi bat egin behar zuten, ekialdetik mendebalderaino, herriaren alde berria zeharkatuz eta bitan banatuz.
Obra luzatu egin zen, sutearen ondorioz herria ekonomikoki egoera txarrean zegoelako. 1488an lortu zen erregearen onarpena, eta Uribarria gaur egun Azpiri eta Insaurrondo kantoien artean eraiki zuten.
Bi portal zituen: Trinidadekoa, izen bereko kalean, Piperrenportalea legez ere ezaguna, eta San Nicolas Tolentinorena.
Suhesi hark bere balioa erakutsi zuen. 1595 urteko sutean, Arranegi kalera sua igarotzea saihestu zuen. Azpiri kalean bere aztarnaren bat ikus daiteke oraindik.