Iñigo Bidetxeak egindako kartela
Arrain Azoka Elkarteak lehenengoz aukeratu du aurton lehiaketa bitartez Arrain Azoka iragartzeko kartela, eta dagoeneko hartu du erabakia: Iñigo Bidetxea bermeotarrarena aukeratu dute, hain zuzen ere.
Epaimahaia Arrain Azoka Elkarteko kideek osatu dute eta lan irabazlea aukeratzerakoan honakoak izan dituzte kontuan: diseinua, gaurkotasuna eta aurtengo helburua “oso ondo” islatzen duela. Izan ere, aurtengo azokaren helburua umeei arraina era erakargarrian ezagutzera ematea dela azaldu zuten antolatzaileek: “Umeek arraina gustura jan ahal dutela aditzera eman gura da batetik, eta haientzat erakargarriagoa izateko modu gozoan presta daitekeela erakutsi gura da bestetik”.
Bidetxeak 600 euroko saria jasoko du maiatzaren 15ean, Nestor Basterretxean aretoan egingo den Hegaluze Saria emateko ekitaldian. Jakinarazi dutenez, aurten lehenengoz antolatu duten kartel lehiaketa horretara 9 lan aurkeztu dituzte. Epaimahaiak azaldutakoaren arabera, “estilo ezberdinetakoak, baina guztiak maila oso onarekin”.
Arrain Azoka elkarteak adierazi duenez, kartel lehiaketaren bitartez Arrain Azoka “parte hartzaileago bat” lortu gura izan dute. Izan ere, herritarrak Arrain Azokaren parte sentitzea dute helburu.
Sarituak izan ez diren lanak batzeko epea maiatzaren 18tik 24ra artekoa izango da. Bermeoko Turismo Bulegoan batu beharko dituzte. Epe hori igaro ondoren, jaso ez diren lanak Arrain Azoka Elkartearenak izango direla zehaztu dute.
XXI. Arrain Azoka maiatzaren 15ean, 16an eta 17an izango da.