Elkartegia 2016ko udarako amaitu gura dutela esan du Rementeriak
Zimentazio lanak datorren astean hasiko dituzte. Elkartegiak Gernika-Lumoko eta eskualdeko ekonomiari mesede egingo diola esan du ahaldun nagusigaiakGernika-Lumoko eta Busturialdeko egoera ekonomikoak bultzada behar duela esan zuen atzo Bizkaiko Foru A...
Zimentazio lanak datorren astean hasiko dituzte. Elkartegiak Gernika-Lumoko eta eskualdeko ekonomiari mesede egingo diola esan du ahaldun nagusigaiak
Gernika-Lumoko eta Busturialdeko egoera ekonomikoak bultzada behar duela esan zuen atzo Bizkaiko Foru Aldundirako EAJren ahaldun nagusigai Unai Rementeriak. Gernika-Lumon egon zen, Maria Uribek eta Jose Mari Gorroñok lagunduta. Hain zuzen, Ibarrako industriagunean foru aldundiak eraikiko duen Elkartegiari buruz hitz egin zuen Rementeriak. «Eraikina eraitsi dute, eta laster, datozen egunetan hasiko dira zimentuak jartzen. Baliteke hurrengo astean hastea lan horrekin», esan zuen. Amaitu, lanak 2016ko ekainerako bukatuta izatea espero du Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramaleak.Enplegua sortzeko politiken artean du Bizkaiko erakundeak Elkartegia eraikitzearena: «Zortzi milioi euro baino gehiago inbertituko ditugu, eta azpiegitura berriak 10.000 metro koadro baino gehiago izango ditu», esan zuen Mundakakoak atzoko agerraldian.
«Seriotasunez» garatutako proiektua dela azpimarratu zuen. «Industria erakarri gura dugu. Hala ere, Elkartegiak bulegoak ere izango ditu, baita enpresen haztegia ere», zehaztu zuen.
«Norabide berean»
Zentzu berean mintzatu izan zen baita Jose Mari Gorroño alkategaia ere. Gernika-Lumoko eta Busturialdeko ekonomia berpiztu asmoz, indarrak norabide berean jartzeko beharra nabarmendu zuen. «Gernika-Lumoko Udalak, berak bakarrik, ez du ahalmen nahikorik herriko ekonomia suspertzeko. Horregatik, ezinbestekoa da Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren esku hartzea».
Gernika-Lumoko EAJko kide eta jeltzaleek Gorroñoren hautagaitza independenteagaz egin duten koalizioaren zerrendan bigarren aurkeztuko den Maria Uribek ere hartu zuen hitza atzoko agerraldian. Haren esanetan, Gernika-Lumoren garapen ekonomikoaren alde lan egingo dute. Uribek, Elkartegiaz gain, Autzaganeko tunela, Bermeoko saihesbidea eta Muxikan eraiki gura duten industrialdea ere aipatu zituen. «Horiek ere ezinbestekoak direlako gure eskualdea berraktibatzeko», esan zuen jeltzaleak.