Aste Santuan ekintza bereziak egongo dira Ajangizen eta Foruan
Umeak Aste Santuko oporraldian daudela eta, Foruko eta Ajangizko kultur etxeek ekintza bereziak egingo dituzte datorren astean.Foruan, esaterako, apirilaren 8an zine emanaldi batez gozatu ahalko dute umeek. 17:00etan jarri dute hitzordua Kultur Etxean ...
Foruan, esaterako, apirilaren 8an zine emanaldi batez gozatu ahalko dute umeek. 17:00etan jarri dute hitzordua Kultur Etxean bertan.
Apirilaren 9an, eguenean, berriz, Busturiko Altamira auzora egingo dute irteera. 16:00etan aterako dira Forutik, eta tren geltokian bilduko dira animatzen diren umeak. Jakinarazi dutenez, tenis pistetan igaroko dute arratsaldea; hortaz, erraketa eroateko deia egiten diete umeei.
Ekintza berezi horietan parte hartu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute astelehenetik barikura bitartean, 17:00etatik 20:00etara, Kultur Etxean.
Ajangizen, bestalde, haur eta gazteentzako tailerrak gauzatzen hasita daude. Martxoaren 30ean hasi ziren kamisetak egiteko tailerrean, eta herenegun ere horretan jardun zuten. Beste bi egunetan ere gauza bera egiten ariko dira izena emandako umeak; hain zuzen, apirilaren 8an eta 9an. Lau egun horietan, hiru kamiseta dezberdin egingo dituzte, egun bakoitzean teknika bat erabilita.
Apirilaren 10ean, berriz, malabare tailerrean parte hartzeko aukera izango dute Ajangizko gaztetxoenek. Horretarako, 11:00etan batuko dira Kultur Etxean.