Gazteak iazko herri bazkarian
Busturiko Gazte Asanbladak Gaztetxe Eguna antolatu du apirilaren 11rako. Hainbat dira egun horretarako gazteek antolatu dituzten jarduerak, hain zuzen ere, 17 ordurako egitaraua antolatu dute.
15:00etan, herri bazkariarekin emango diote hasiera Gaztetxe Egunari. Bazkaldu ostean, txapelketetan parte hartzeko aukera izango dute bertaratutakoek; lehenengo, 17:00etan, futbolin txapelketa izango da, ondoren, 18:30ean, ping-pong txapelketa.
20:00etan, aldiz, bertsoen txanda izango da. Eskualdeko bertsolariek parte hartuko dute bertso saioan. Azkenik, 21:30ean, musikak hartuko du lekua Otsozulo Gaztetxean. Primeros Auxilioss eta Pixontxis musika taldeak izango dira, eta horien ostean, Bull disko jartzailearen musikarekin dantza egiteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek goizaldeko orduetara arte.
Orain arte, Gazte Eguna antolatu izan du Busturiko Gazte Asanbladak eta egun horretako egitaraua Axpe auzoko zenbait lekutara zabaldu izan da azken bi urteetan. Aurten, baina, prestatu duten egitarau osoa Axpeko Otsozulo Gaztetxean izango dela azaldu dute gazteek. Gaztetxea «konponduta, berrituta eta barrutik zein kanpotik margotuta» dago. Hala, Busturiko gazte proiektua gauzatzeko duten lokala erakutsi gura dute Gaztetxe Egunarekin.