Busturialdeko eta Gernika-Lumoko ekonomia suspertzen lagunduko duela esan du Rementeriak
Goroño, Uribe eta Rementeria, gaur, Gernika-Lumon
EAJren ahaldun nagusigai Unai Rementeriaren esanetan, enplegua sortzeko esfortzuak egiten ari da Bizkaiko Foru Aldundia, eta horren adibide dela Gernika-Lumon eraikiko duten Elkartegia. “Zortzi milioi euro baino gehiago inbertituko ditugu, eta azpiegitura berriak 10.000 metro koadro baino gehiago izango ditu”. Gernika-Lumon izan da gaur mundakarra, Jose Mari Gorroño eta Maria Uriberekin batera. Malta enpresa zenaren orubean industria, bulegoak eta enpresen haztegia egin gura du Aldundiak.
Hari beretik mintzatu izan da Jose Mari Gorroño alkategaia ere. “Norabide berean jarri behar ditugu indarrak. Gernika-Lumoko Udalak, berak bakarrik, ez du ahalmen nahikorik herriko ekonomia suspertzeko. Horregatik, ezinbestekoa da Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren esku hartzea”.
Gernika-Lumoko Elkartegiaren garrantzia azpimarratzeaz gain, Autzaganeko tunela, Bermeoko saihesbidea eta Muxikako industriagunea ere izan ditu berbagai Maria Uribe jeltzaleak. “Horiek ere ezinbestekoak dira gure eskualdea berraktibatzeko”, esan du.