Natalia Salazar (Bizkaiko HITZA):
Korrika 19, Bermeon
Pozik, harro eta urduri hartu dute Korrikaren lekukoa Bermeon. Martitzen egunsentian igaro zen handik, Gernika-Lumotik Mungiarako bidean. “Tipi-tapa tipi-tapa, Korrika!” leloa entzun orduko, “ilusio handiz” zain zegoen Olaia Zabalondo
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza-ko kazetaria, Bermeoko sarreran. 07:00ak pasatxo ziren. Mundakatik zetozen korrikalariz inguratuta abiatu zuen lasterketa. “Urte asko dira lekukorik eraman ez dudala, eta oso pozik eta urduri nago”. Euskal Herrian zehar eskuz esku dabilen mezua metro batzuetan berak eramango zuela jabetuta, “are urduriago” jarri zen. Argi du Korrikaren helburua: “Euskara egunero eraman behar dugu ahoan, baina honek bultzada txiki bat emateko balio badu eta munduari erakusteko jendeak ematen dion babesa, poztekoa da”.
Gazte Asanbladakoek hartu ostean, Artza parean Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren izenean Elias Fernandez preso ohiak ekin zion lasterketari. 27 urtez kartzelan egon da. 2013ko azaroan askatasuna berreskuratuta, lehenengoz hartu behar zuen parte Korrikan. Ordurako kale bazterrak jendez gainezka zeuden. Denak txaloka. Fernandez “oso pozik” zegoen lekukoa hartzeko. “Urduri ere bai, badakidalako erantzukizun handia dela”. Ahalik eta ondoen egin gura zuen. “Euskara mantentzea, indartzea eta bultzatzea denon ardura” dela esan ostean egin zituen bere metroak.
Joan den astean, Urepelen, Korrikaren hasiera ikusi zuen Euskaraz Berbetan taldeko kide Erramon Bengoetxeak. Xabier Legarreta Bermeoko alkate ohi eta Bizkaiko Berdintasun zuzendariaren eskutik jaso zuen lekukoa. Ordurako alde zaharretik buelta egina zuen lasterketak. Lekukoa “harrotasunez” eramateko prest zegoen, “euskara sentitu” egiten duelako. Korrika denak batzen dituen jarduera bat dela uste du: “Kolore eta leku guztietakoak euskararen alde batzen gaitu”. Eta hala jarraituko du bidea domekan Bilbon bukatu bitartean. Bizkaira bihar itzuliko da.