Julen Erezuma: Bertsolarixon basamortuak
Hitzako iritzi zutabea idazteko proposatu euztieneien, ezin neban siñestu. Sorpresa galanta izen zan niretzat, egixe esan. Ez neban nire burue aldiro-aldiro gai ezberdin bati buruz idazteko gai ikusten. Ez neban irudimen edo gaitasun hori ikusten nigan. Egun haretan buelta asko emon neutzozan neure burueri.
Ixe seguru nau, nire “bertsolari” ibilerie izen zala ni zutabe hau idazten dogunon taldera gonbidatzeko arrazoie. Ni talde honetara gonbidatzeko aukerie hartu ebenak pentseuko ebela: “Bertsolarixe izenkeran zer esan asko euko deu… irudimen eta etorri asko… ez deu arazorik euko toketan jakonie zeozer ezberdiñeri buruz edozer idazteko…”.
Jentiek pentsetan deu bertsolari garenok berezko irudimen, etorri, berba erreztasun eta holako superbotere batzuk dekoguzela, baña bertsolarixok be, pertsona normalak gara, eta askotan, berbie falta jaku. Askotan irudimena falta jaku. Bertsoan eta iritzi zutabean artien dauen diferentzixe, zutabie hor geratzen dala.
Bai… bertsoa be gaur egun grabatu eta gorde ein al da baña… normalien aho-belarri konexiñoa izeten da… Eta bertso txarrak ahaztu eiten dire, edo bertso onan aparrak estaltzen dabez. Holan, bertsolarixon alde ona geratzen dalarik agerixen. Eta zer esanik ez dekogunien… hau edo hori esan… tipiko-topiko batzukaz adornatu eta eurrera! Pasapalabra-n moduen… hurrengo bueltan saiatuko gara barriz!
Baña esan nahi dodana da, bertsolarixok be badekoguzela gure idea basamortuek. Nun dana da huts. Hondarra baño ez. Eta holakoetan… zer esan? Zer idatzi? Hautazko basamortuen ez ei dau ur premirik. Gustoko lekuen ez ei dau aldapa gogorrik, eta onartu behar dot niri zutabe hau idaztiek asko motibetan nabela. Niretzako erronka bat da. Iñoz ez dot euki nire burue irudimentsutzat, eta honek, egixe esan, nire buru errotako engranajiek apur bat egokitu eta plus hori ataratera behartzen nau. Eta gustetan jat. Igual ez da zutaberik onena izengo. Igual ez da danon gozagarri izango, baña nire onenetik idatzitakoa eta tartetxu batez zuon arreta neureganatu eta mundutik isolatu guran idatzitakoa da.
Eta hori lortu ezkero, ni pozik! Konsziente naz idaztea eta idaztea ez dala gauza. Itsasoan be, urez eta urez inguratuta egon arren, egarriz ito al garela. Ia ba, berba artean ez nazen itoten. Bitartean, nire artizarrak gidatute, nabigatzen jarraituko dot berban itsaso honetako hurrengo uhartetxora heldu eta botila baten barruen beste mezu bat bidaltzeko aukera euki arte. Ordurarte. ZAINDDU TA GORA BIXOTZAK!