Irudian, Mikel Urdangarin
Zornotzako kantautoreak Elai-Alai aretoan joko du zapatuan, 20:30ean, eta sarrerak 10 euro balioko du (bazkideen kasuan, 7,50 euro). Urdangarinek esan duenez, musikaren munduan daramatzan 17 urteetan beti egon da lagunduta, “beti musikari onen altzotik kantari”. Oraingoan, baina, gitarraz bakarrik lagunduta igoko da oholtzara.
Kanta bat nola jaiotzen den erakutsi nahi du berriki hasi duen kontzertu biran. Hala, hamazazpi urteko ibilbidean osatutako kantutegiko piezak eskainiko ditu saio horietan, baina abesti berriak ere txertatuko ditu errepertorioan; jaio ahala eta jaiotzen diren eran, amaitu barik. Zornotzarraren esanetan, “askotan errazegi erabili dugun hitzari heldu nahi nioke sendo, esentziari, alegia. Nire oraingo mugak ezagutu nahi ditut eta horiek gainditzen saiatu. Etxeko sukaldeko bakardadean kantatzen eta sortzen duen Mikel hura erakutsi nahi nizueke lehenengoz, kantu zahar eta berriak lagun. Bakarrik bidaiatzeak dakarren arriskuaren zirraraz abiatu naiz azken geltokirik agertuko ez den itxaropenaz”.