Mendata
Bide segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egin ditu Mendatako udalak herriko hainbat auzotan. Horretarako, bideak asfaltatu ditu Estillotza, Solaurren, Laprastegi, Mendaturi-Madarieta eta Elexalde-Lamikizen. Estillotzan, gainera, bidearen zolaketa hobetu du udalak; izan ere, autoek eta oinezkoek paseatzeko asko erabiltzen duten bidea da.
«Mendata landa eremuko herria da, eta hemengo auzo eta baserriak sakabanatuta daude», azaldu du mendatako alkate Joseba Malleak. Herriko bideetako segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzea lehentasuna dutela esan du alkateak; «horregatik, auzoetako bideak asfaltatzeko lanak egin ditugu». Lanotarako, 64.900 euroko aurrekontua izan du guztira. Aldundiak 27.866 euroko laguntza eman dio.
Irisgarritasuna bermatuta, bide segurtasuna hobetzeko beste zenbait neurri hartu gura ditu Mendatako Udalak, aurrerantzean. Hain zuzen, ibilgailuen abiadura moteltzeko neurriak hartu gura ditu Lamikiz eta Marmiz auzoetan.