Oskar Uribarri eta Nagore Gonzalez Nestor Basterretxea aretoan egindako aurkezpenean
Izartu Bermeo herri mugimenduak hauteskunde programarako landu dituzten proposamenak aurkeztu ditu. Herriko alderdi bitasunagaz amaitu gura duen mugimendua da, eta udalean «benetako gardentasuna» lortzea dute helburu. Oskar Uribarriren esanetan, «beharrezkoa ikusten dute kontu ikuskatze independente bat egitea, benetako emaitzak ezagutzeko. Hori beharrezkoa da udalaren kontrol zuzena eta etengabea lortzeko». Kontu guztiak argitaratuta eta «ondo xehatuta» egon behar dutela uste dute, «herritarren eskura, gainera».
Izartu Bermeok partaidetza zuzena bultzatuko duela adierazi dute, gai garrantzitsuetan kontsulta lotesleak edota erreferendumak erabilita.
Bestalde, oinarrizko beharrizanak bermatuko dituztela diote eta etxe-kaleratzeak ekiditeko eskura dituzten baliabide guztiak kaltetuen eskura jarriko dituztela adierazi dute.
Enplegu programa
Epe luzera begira, bestalde, udal enplegu programa bat lantzearen beharrizana dagoela uste dute, «enplegu iraunkorra lortzeko estrategia batean oinarrituta». Bermeok duen «turismorako ahalmena», berriz, ez dagoela «ondo aprobetxatuta» uste dute. Horiek, baina, turismo arduratsu eta jasangarri baten alde lan egiteko asmoa agertu dute.
Herriak bizi duen isolamendu egoera ere aipatu dute. Hortaz, Sollubeko tunelen proiektua berreskuratzeko lan egingo luketela diote eta garraio publikoak bultzatzeko ahalegina ere egingo dutela aipatuta.
Etxebizitza berrien eraikuntzak bultzatu beharrean, herrian dauden etxebizitza hutsak bete behar direla uste dute, %18 baitira: «Herritarren beharrizan erreal baten ikerketa sakona behar da». Gainera, udal hirigintza politikak partaidetzaren bitartez mugitzeko beharra ikusten dute.
Auzoekin ere ez dira ahaztu, horiek guztiek eguneraketa bat behar dutela iritzita. Bestalde, balio anitzerako gune herritar bat egiteko azterketa sakona egiteko konpromisoa ere hartzen dute, «Gernika-Lumoko Astraren moduko zerbait», diote.
Sinadura bilketa
Hauteskundeetara elkarte independente modura aurkeztu gura dute, eta horretarako, 500 sinadura batu behar dituzte martxoaren 31tik aurrera. «Alternatiba berria» direla eta, herritarren laguntza eskatu dute: «sinatzeak ez du esan gura botoa emango digutenik».
Izartu Bermeo herri mugimenduko zenbait kide