Kirola eginez Busturia ezagutu daitekeelako
Herria barrutik ezagutzera emateko, udalerriko bost auzoak zeharkatzen dituzten bost ibilbide seinaleztatu ditu udalak. Naturaguneetara hurbiltzeko aukera ematen dute, eta baserri eremuak, padura, basoak eta errekak zeharkatzen dituzte.Busturiarrek eta...
Herria barrutik ezagutzera emateko, udalerriko bost auzoak zeharkatzen dituzten bost ibilbide seinaleztatu ditu udalak. Naturaguneetara hurbiltzeko aukera ematen dute, eta baserri eremuak, padura, basoak eta errekak zeharkatzen dituzte.
Busturiarrek eta bisitariek modu osasuntsu batean udalerria, natura eta ondarea ezagutzeko bost ibilbide dituzte aukeran. Ibilbide horiek Busturia barrutik ezagutzeko aukera eskaintzen dute, «mugikortasun jasangarria eta osasungarria bultzatuta».Busturia barrutik ezagutzen ez den herria dela dio Busturiko alkate Miren Fatima Malaxetxebarriak. Hala, erronka horri heldu diote: «Gernika-Lumo eta Bermeo artean egonik, jendea errepidetik pasatzen da, baina Busturia Busturialdeko eta Biosfera Erreserbako bihotza da, eta merezi du barrutik ezagutzeak». Hori aintzat hartuta, agintaldi honetan Busturia barrutik ezagutzera emateko jarduerak antolatzen saiatu izan direla adierazi du alkateak.
Izenak berak dioen legez, Busturia bost auzotan banatuta dago. «Gauzak ikusteko, hemen kale gutxi ditugu; bideak dira guk herrian ditugunak». Hortaz, bide horiek atontzea erabaki zuen udalak, Busturia barrutik ezagutzeko aukera emateko. «Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak deialdi bat egin zuen iaz, herrietako ibilbideak kirolarekin lotzeko asmoz. Diru laguntza hori zegoela aprobetxatuta, proiektu bat idatzi genuen, eta bost ibilbide prestatu genituen».
Ibilbideak errazak direla dio alkateak, edonork egiteko modukoak. Kirola bultzatu bai, baina Busturia erakusteko ere balio dutela dio Malaxetxebarriak. Izan ere, «Busturia barru-barrutik ezagutzeko aukera ematen digute. Naturagune desberdinetara hurbiltzeko aukera ematen dute, eta baserri eremu nagusiak, padura, basoak eta errekak zeharkatzen dituzte».
Gainera, bidean aurki daitezkeen elementu historikoak, etnografikoak eta bestelakoak seinaleztatuta daude ibilbideetan zehar. Hala, osasuntsuak izateaz gain, udalerria eta bere ondare naturala, kulturala eta paisajistikoa ezagutzeko aukera eskaintzen dute.
Ibilbide zirkularra
Bost ibilbide horiek auzo guztiak zeharkatzen dituzte, eta guztiek ibilbide zirkularra egiten dute, aukera ezberdinak aurkeztuta: «Edozein lekutatik hasteko aukera ematen dute, eta bata bestearekin lotzeko aukera ere badago. Bakoitzak gura duen modura egin dezake txangoa, nork bere ahalmena kontuan izanik».
Ibilbideak nondik nora doazen jakiteko, gainera, auzo guztietan informazio panelak jarri dituzte. Ibilbide guztiak, bestalde, gezi horiekin markatuta daude, eta, beraz, «inor ezin daiteke galdu». «Errazak» direla dio alkateak, gehienez jota bi ordukoak: «Ibilbide bakoitzaren denbora eta malda zehaztuta daude informazio paneletan».
«Uste dut bertoko jendeak gutxi gorabehera ezagutzen dituela ibilbide hauek, baina orain arte ez dira seinaleztatu egon, eta, hortaz, agian ez dira ausartu lekuetatik sartzen. Orain, baina, dena modu egokian jarrita daukagu», esan du alkateak.
Kasu batzuetan, gainera, bide zatiren bat erosi behar izan dutela azaldu du, «lotura guztiak ondo eginda egoteko, eta dena barrutik egin ahal izateko, errepide orokorrera irten barik».
Guztien eskura
Azken urteetan, seinaleztatutako ibilbideak turismo iraunkorra egiten dutenentzako tresna bihurtu dira herriak ezagutzerako orduan. Turismoa aktiboa eta ekologikoa ahalbidetzen dutela dio Malaxetxebarriak.
Busturiko paraje desberdinak ezagutzeko aukera ematen duten bost ibilbide horien berri hainbat lekutan aurki daiteke. Busturiko turismoko webgunetik (www.busturiaturismo.com), esaterako, telefono mugikorretara deskargatu ahalko da informazio guztia, formatu desberdinetan. Bestalde, mendizaleek gehien kontsultatzen dituzten webguneetan ere horien berri ematen da: es-wikiloc.com eta ibilbideak.euskadi.net.