Goiener kooperatibaren bazkide egin da Busturiko Udala
Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko herri batzarra egingo dute bihar 19:30ean
Energia berriztagarria sortzeko eta kontsumitzeko proiektu kooperatiboa da Goiener, subiranotasun energetikoa berreskuratzea dute helburu, hain zuzen ere. Hala, Busturian kontsumitzen duten energia jatorri berriztagarrietatik datorrela ziurtatu gura dute, horregatik erabaki du udalak Goiener kooperatibaren bazkide egitea, “informazio hori Goienerrek eskaini ahal digulako”, diote udaletik.
“Energia, batik bat elektrikoa, egungo gizarteetako oinarrizko ondasun bilakatu da, ura edo elikagaiak bezain beharrezkoa”. Goienerren helburua, hortaz, herritarrek oinarrizko ondasun horrekiko kontrola berreskuratzea da, “horren garrantziaz jabetzea, energiaren kontsumo arduratsua eta iraunkorra bultzatuta”.
Bestalde, Busturiko udaletik diotenez, Goienerrek inguruko ekonomia hurbila bultzatzen du: “irabazi asmorik gabeko kooperatiba soziala denez, sortu daitezkeen irabaziak, ingurunean inbertitzen ditu”. Hain zuzen ere, bazkideek erabakitzen dute batzarretan, zertara bideratuko dituzten diru horiek.
Goienerren beste helburuetako bat, kooperatibak sorturiko energia kopurua bazkideek kontsumitzen duten kopuru bera izatea da, “hori guztia energia berriztagarrien bitartez eta ahalik eta kontsumo arrazional eta eraginkorrena eginez”, diote.
Bihar herri batzarra
Herritar guztiak jakinaren gainean jarri gura ditu Busturiko Udalak. Horregatik, bihar, proiektu honen nondik norakoak azaltzeko herri batzarra egingo du. Altamira auzoko kultur etxean jarri dute hitzordua 19:30ean.
Bestalde, udaletik jakinarazi dutenez, “laster prozesu bat zabalduko da konpainia ezberdinek energia erosteko euren eskaintzak egin ditzaten”. Baldintzetako bat, baina, eskaintza horiek “jatorri guztiz berriztagarria izan dezatela” izango dela aipatu dute.