Goizean egin du agerraldia Bermeoko EH BIlduk
«Herritarren eskutik» egindako herri programaren aurkezpena eta onarpena egingo du Bermeoko EH Bilduk martxoaren 12rako deitu duten herri asanbladan. 80 proiektutik gora proposatzen dituzte, eta herritarrekin batera, horietatik guztietatik lehentasunezkoak zehaztu gura dituzte.
Idurre Bideguren EH Bilduren alkategaiak jakinarazi duenez, herritarren eta elkarteen 350 ekarpen jaso dituzte, «eta horiek kontuan hartuta» landu dute datorren astean aurkeztuko duten herri programa.
Bermeoko EH Bilduren herri programak lau ardatz nagusi jarraituko dituela aipatu du Bidegurenek gaurko agerraldian: Bermeo sozio-ekonomikoki indartzea, herritarren bizi kaitatea hobetzea, desoreka sozialei aurre egitea eta herritarrak kulturaren parte eta jabe izatea. Hori guztia, kudeaketa «eraginkorrarekin, gardenarekin eta parte hartzailearekin» lortu gura dutela nabarmenduta.
Herritarrentzat lehentasuna duten proiektuak ezagutu asmoz, datorren eguenean, 19:30ean, Nestor Basterretxea aretoan egingo dute herri asanblada. Herritar guztiak gonbidatu dituzte horretan parte hartzera. Hurrengo pausoa, berriz, proiektuak aurrera eramateko talde egokiena eratzea izango dela adierazi dute.