Emakumearen Eguneko ekintzetan parte hartzeko izena eman beharko dute herritarrek
Hainbat dira Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean antolatu dituzten ekintzak. Horietako askotan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa ez den arren, beste hainbatetan hala egin beharko du herritarrak; Ajangizen, Busturian, Foruan eta Kortezubin, besteak beste.
Ajangizen eta Busturian, esaterako, beste hainbat ekintzen artean, bazkaria jateko bilduko dira herritarrak, eta bertan parte hartzeko, izena eman beharko dute interesatuek; horretarako azken eguna eguena, hilaren 5a, da. Herriko liburutegian eman beharko dute izena busturiarrek, eta herriko tabernan, berriz, ajangiztarrek.
Foruarrek ere, etzira arte izango dute martxoaren 7rako antolatutako ekintzetan izena emateko aukera. Hain zuzen, Zarautzera joango dira herritarrak egun horretan, eta, bertan, txakolindegia bisitatu eta bazkaria jango dute. Ostean, Getariara joango dira Cristobal Balenciaga museoa bisitatzera.
Kortezubiko Santimamiñe Kobetan ere ospatuko dute Emakumearen Eguna, eta, horretarako, bisita gidatu bat egingo dute, emakumeek historiaurreko gizartean zuten papera ezagutzeko. Leku kopurua mugatua izango da orduan, beraz, beharrezkoa izango da 94 465 16 57 telefonora deituta izena ematea.