Irudian, Roberto Baraiazarra
Duela urte eta erdi hasi zuen Roberto Baraiazarrak (Gautegiz Arteaga, 1984) Muay Thai borroka arteko ibilbidea, Thailandiara berau praktikatzera joateko erabakia hartu zuenean. Full contact-ean, kick boxing-ean eta boxeoan ere aritzen da Busturialdeko kirolaria; hala ere, Muay Thai-a du horietan guztietan gustukoen, “hori baita gogorrena”. Aurten, gainera, ez da esku hutsik bueltatu Ekialde Urrunetik.
Bi astetan Thailandian izan zara. Zer egin duzu bertan?
Khan-a ateratzeko asmoz joan nintzen. Muay Thai borroka arteko tituluak dira
Khan-ak. Guztira, hamabost titulu dira, eta ni hamahirugarrena ateratzeko helburuagaz joan nintzen Thailandiara. Muay Thai borroka artea kultura bilakatu da Thailandian, eta, beraz, han baino hobeto ezin dugu beste inon ezagutu. Hango biztanleek dirua lortzeko egiten dute borroka, egunero jan ahal izateko.
Nola lortzen da Khan-a?
Hamabi egunez entrenatzen dugu han, egunean bost orduko entrenamendu saioak eginez. Ondoren, Muay Thai teknikak ikasten ditugu beste sei egunetan. Teknika horiek menperatzen ditugula uste dutenean, Ayutthayara eramaten gaituzte, hango tenpluetan azterketa egiteko. Orduan erabakitzen dute titulua merezi dugun ala ez. Lortu ezean, hurrengo urtean joan beharko genuke. Iaz ere Thailandian izan nintzen, eta aurten, gauza bera eginez, titulu berria ateratzea izan da nire helburua. Hala ere, lehenengo egunean hasita, bertan neukan entrenatzaileak borrokan egitea proposatu zidan. Ezetz esan nuen hasieran.
Baina azkenean lehiatu egin zinen.
Bai, azkenean baietz esan nuen, data oraindik urrun zegoela iritzita. Ordutik aurrera, guztia izan zen desberdina. Entrenamenduak ez ziren iazkoak bezalakoak, eta laugarren egunerako oso nekatuta nengoen; batez ere, buruari dagokionean. Borrokatzea erabakitzen den momentutik aurrerako entrenamenduak oso gogorrak izaten dira. Gainera, ez duzu aurkaria nor den jakiten, eta horrek buruari buelta larregi ematea eragiten du. Normalean, jatekorako dirua lortzeko borroka egiten dute aurkariek, eta, beraz, borroka amaitutakoan ring-ean bertan geratuko zarela pentsatzen duzu.
Nolakoa izaten da hango egunerokotasuna?
Bi orduz entrenatu ohi da goizean, eta segidan gosaldu egiten da. Lo egiten da jarraian, eta esnatzerakoan bazkaldu. Apur batean atseden hartuta, hiru orduz entrenatzen da. Hori bukatutakoan, masajea hartu eta afaldu egin ohi da. Gero ohera joaten gara, atseden hartzera.
Aurkaria ez ezagutzeak, gainera, zaildu egingo du borrokaldia, ezta?
Hala izaten da. Nik banekien Thailandiako borrokalariak oso gogorrak direla, eta horren beldur nintzen. Nire aurkaria ni baino zertxobait altuagoa zen, eta nik baino kilo bi gutxiago zituen. 22 urteko mutikoa zen, ordura arte hamar borrokatan aritutakoa. Oso gogorra zen; sarritan jo arren, erori egiten zen, baina azkar batean altxatzen zen.
Nolakoa da thailandiarren erasotzeko modua?
Hankekin bikain moldatzen dira, eta belaunak eta ukondoak ere oso ondo menperatzen dituzte. Goitik, berriz, eskas xamarrak izaten dira, eta hori zen nik aprobetxatu beharrekoa. Distantzia laburrean egotea saihesten nuen. Ukabilkadak emateak gutxi puntuatzen duela banekien; beraz, hanketatik hartu eta lurrera bota edota ukabilkadaren bitartez K.O utzi beharra neukala argi neukan.
Nola igaro zenituen borrokaldiaren aurreko egunak?
Aurreko egun bietan oso txarto pasatu nuen: urduri nengoen, ez nuen inor ezagutzen… Minutu biko bost round izan zituen Thailandiako borrokaldiak, eta ni hiru round-eko borrokaldietara ohituta nengoen. Thailandiako telebista ere grabatzen zegoen, eta horrek errespetu handia sorrarazten zidan. Borrokalari bakoitzak, gainera, bost entrenatzaile ditu bertan. Guztiek diote zer egin edo zer ez duzun egin behar; gainera, thailandieraz. Estresatu egiten du horrek guztiak. Hirugarren round-a bukatzerakoan, burua beste leku batean izaten duzu, non zauden ere jakin gabe.
Eta borrokako eguna?
Egunean bertan nahiko lasai nengoen. Urduri nengoen borrokatzen ohituta ez nagoelako, eta babes barik borrokatzen delako –zango-babes gabe, esaterako–, baina txarrenak aurreko egunak izaten dira. Hemengoaren kontrara, egunean bertan borrokalariak ez du beroketako ariketarik egiten. Krema bat ematen dizute gorputza berotzeko, eta beste esprai bat berna-hezurrerako. Buruan baselina ematen dizute, kolpeek laban egin dezaten eta zauriak hobeto senda daitezen.
Baina azkenean ondo moldatu zinen.
Bai, bost round jokatu genituen, eta nik lehenengo, bigarren, laugarren eta bosgarren round-ak irabazi nituen; hirugarrena, berriz, galdu egin nuen. Puntuak kontuan hartuta, beraz, nirea izan zen garaipena.
Borrokaren emaitzak, dena den, ez du borrokalarien arteko harremana baldintzatzen, ezta?
Borroka amaitutakoan, borrokalariok lagunen arteko harremana izaten dugu: borrokaz hitz egiten dugu, nork bere ibilbidea azaltzen dio batak besteari… Borrokalariak babestu egiten dira beraien artean. Errespetuak garrantzia handia du Muay Thaien; Tailandian kultura bilakatu da borroka arte hori. Borrokaren aurretik, dantza bat egiten da eta aurkariari eta erregeari errespetua adierazteko errezatu egiten da, eta baita izpiritu txarrak aldentzeko eta izpiritu onak erakartzeko ere.
Thailandian lehiatzeak gauzak aldatu al ditu zure buruan?
Bai. Bertara joatea beldurra kentzea izan da: borroka egiteari, bertako jendea ezagutzeari… Gainera, asko ikasi dut Thailandian: gauzak hain seriotasun handiz ez hartzen, elkar errespetatzen…
Zein da Muay Thaien duzun helburua?
Espainiako Federazioak berarekin lizentzia egin dezadan nahi du, baina, momentuz, harremanetan baino ez gaude. Munduko txapelketa bat antolatuko du Espainiako Federazioak, eta bertan parte hartzea esperientzia ikaragarria izango litzateke. Hala ere, zaila da, eta asko entrenatu beharra dago. Thailandiara ere joan nahi dut. Denborak erabakiko du.
Zure burua entrenatzen duzu, baina beste hainbaten entrenatzailea ere bazara. Zer egitea duzu nahiago?
Irakastea nahiago dut, baina beste batzuk entrenatzeko norberak ere entrenatuta egon behar duela uste dut, eta gutxieneko maila bat eman behar duela, ikasleak hobetzeko helburua badu. Umeak ere entrenatzen ditut, baina horiei baloreak, errespetua, diziplina, ardura edukitzea… irakasten diet.
Euskal Herrian zaudenean, nola entrenatzen duzu?
Asteko egun batzuetan Bilbora joaten naiz entrenatzera, eta gainontzekoetan nire kabuz entrenatzen dut. Astelehenetik zapatura egunean hiru orduz entrenatzen saiatzen naiz, egun batzuetan beste batzuetan baino gogortxoago.
Hurrengo borrokaldia noiz izango da?
Full contact-eko Espainiako txapelketan lehiatuko naiz ekainean Bartzelonan, eta Euskadiko txapelketan urrian. Urtarrilean, berriz, Thailandian lehiatzeko asmoa dut.