Egurrez landutako ganga polikromatu ikusgarria edukitzeaz gain, 1905. urteko piano-harpa ezaugarria duen organo bat ere du Ibarrangeluko San Andres elizak. Organo hori bereizten duen piano-harpa erregistroa, baina, ez zebilen, eta berori konpontzeko lanak egin dituzte. Lan horiek baliatuta, organoa goitik behera zaharberritzeko aprobetxatu dute. Lehenengo fasea dagoeneko amaitu dute, hau da, piano-harpa berreskuratzearena. Orain, ordea, organoaren beste atal batzuk konpontzen ari dira.
Prozesu horretan guztian oso baliagarria izan da Benantzi Bilbao organista mundakarraren lana. Bera izan zen, gainera, Ibarrangeluko organo horrek duen berezitasunaz jabetu zena. Ondoren, Ibarrangeluko Parrokiako Batzordeak bultzatu ditu berreskuratzeko lanak. Prozesu guztiko kudeaketak egiterako orduan, elkarlanean aritu da Bilbaorekin eta udalarekin.
Ibarrangeluko alkate Jesus Mari Ziluagaren esanetan, “organo honen moduko gauza kulturalek poztasun handia ematen digute, eta herriari ospea ematen diote. Herrian dugun eliza ederraren barruan, beste edertasun bat daukagu”. Organoa “ikusgarria” dela dio Ziluagak, “baina, zoritxarrez, ezkutatuta geratuko da haren makinaria guztia”.
Organo batek orkestra baten modura funtzionatzen duela dio Benantzi Bilbaok: “Hainbat erregistro dauzka; txirula edota tronpeta, besteren artean”. Penintsulan Ibarrangeluko organoarena moduko piano-harpa erregistroa duten hiru ale baino ez daude, eta Europan bi. Hortaz, berezitasun “ederra” duela dio Bilbaok: “Garrantzitsua da, gainera, Ibarrangeluko organoak pieza guztiak mantentzen dituela, beste leku batzuetako organoek piezak aldatuta baitituzte”.
Haizea eramaten duten hodiak falta zirela dio Bilbaok, eta horiek berreraiki dituztela azaldu du. Lan horiek dagoeneko amaitu dituzte; hain justu, hiru hilabete inguru ibili dira lanean. Hala ere, egin beharreko guztiak ez dituztela oraindik amaitu dio Bilbaok, baina maiatzerako prest izatea aurreikusten dute. Sitsa ere aurkitu dute egurrean, eta tratamendu bat beharko du. “Gauza txiki horiek guztiek epeak luzatzen dituzte”.
Lan konplexua
Makinariaren xehetasuna
Bartzelonako enpresa bat izan da piano-harpa berreskuratzeko lanez arduratu dena. Bestalde, makina pneumatikoa eta organoaren zati ezberdinak Suitzako enpresa baten ardura izan dira. Ibarrangeluko alkateak jakinarazi legez, Ibarrangeluko Udala prest agertu zen lanotarako aportazio bat egiteko, baina, azkenean, lan horien guztien kostua Gondra-Barandiaran Fundazioak hartu du bere gain.
Lan “konplexua” da organoak zaharberritzearena. “Eskuz egin beharreko lana da, ez da erraza. Pieza txiki asko daude”, dio Bilbaok.
Bestalde, piano-harpa bat erabiltzea ere “ez dela erraza” aipatu du Bilbaok: “Haren funtzionamendua ez da piano arrunt batenaren modukoa. Organoak makina pneumatiko bat du bere baitan, eta piano arrunta sistema mekaniko batekin dabil. Organo honen kasuan, tekla jotzerakoan, tekla horrek balbula bat zabaltzen du, eta balbula horrek haizea botatzen du hodi luze batetik makina pneumatikoraino. Makina horretan hauspo txiki batzuk daude, horiek makila bat mugitzen dute, eta azken horrek jotzen du pianoa. Hortaz, ez da erraza. Sistema hori, gainera, ez da arina, haizea mugitzen delako. Ondo erabiltzeko beharrezkoa da funtzionamenduaren nondik norakoak ezagutzea”.
Organista mundakarra “irrikitan” dago Ibarrangeluko piano-harpa erabiltzeko: “Ume txiki baten modura nago, eguna noiz iritsiko zain. Lanak ikusteko urtarrilean joatekoa nintzen, baina azkenean ezin izan dut eta amorru apur batekin nago. Benetan pozik nago egiten ari diren lanekin”.
Aurtengo udan, Urdaibaiko Organoak kontzertu zikloaren baitan ez dela Ibarrangeluko organo zaharberritua faltako zehaztu du Benantzi Bilbaok. Horrez gain, inaugurazio kontzertu bat egitea ere aurreikusten dutela aipatu du.
Bisita gidatuak
Kultura aldetik “balio handia” emango dio organo berrituak Ibarrangeluri. Prest dagoenean, gainera, kanpora atera beharra dagoela uste du Bilbaok: “Ezagutzen ditut jada Alemaniako eta Ameriketako Estatu Batuetako bi organo-jole profesional Ibarrangelura etortzeko prest agertu direnak”.
Urtean zehar bai eliza zein organoa erakusteko bisita gidatuak egiten dituztela azaldu du Miren Ayo Ibarrangeluko Lagatour enpresa turistikoko arduradunak. Aurrera begira, baina, kontzertuak antolatzea posible litzatekeen aztertzen ari direla aipatu du: “Turismo iraunkorra sustatzen dugu Ibarrangelun. Jendeari gure ondarea eta ohiturak erakutsi gura dizkiegu. Organoak turismo kulturalean lagun dezake, berezia da eta oihartzuna izango duela uste dugu”.
ibarrangelu.turismo@-gmail.com helbidera mezu bat bidal dezakete bisita gidatuetan interesa dutenek, edota 634-425 769 telefono zenbakira deitu.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.