30 musika emanaldi baino gehiago dakartza aurten Lekuek Festibalak
Hitzaldiak eta ikastaroak ere izango dira, martxoaren 8tik 15era. Festibaleko emanaldi eta ekintza denetarako sarrera bonoa 20 euroan ipiniko dute salgai, otsailaren 23anInoiz baino gehiago dira aurten festibalera batu diren lekuak, eta, guztira, 30 mu...
Hitzaldiak eta ikastaroak ere izango dira, martxoaren 8tik 15era. Festibaleko emanaldi eta ekintza denetarako sarrera bonoa 20 euroan ipiniko dute salgai, otsailaren 23an
Inoiz baino gehiago dira aurten festibalera batu diren lekuak, eta, guztira, 30 musika emanaldi baino gehiago izango dira Gernika-Lumon, martxoaren 8tik 15era. Herriko musikazale eta musikariek antolatuta, estilo ezberdinetako musika emanaldiak, eta publiko guztientzako kontzertuak izango dira Lekuek Festibalean.Atzerritik heldutakoak zein Euskal Herrikoak, musikari eta talde ezagunek parte hartuko dute jaialdian. Besteak beste, Albert Pla, Bide Ertzean, Paus, Zea Mays, Bullet Proof Lovers, Hesian, Ray Fernandez, The Riff Truckers, Potato edota Ainara LeGardon.
Emanaldi guzti horiek eta gehiago hartuko dituzte herriko leku ezberdinek: Astra, Iparragirre Rock Elkartea, Trinkete Antitxokoa, Lizeo Antzokia, eta, Arima, Aterpe, Atxur, Irrintzi, Lagun-Etxea, Ospa, Zaplast, Zeppelin, Basurde, Musutruk, Revolution eta Zarata tabernak eszenatoki bihurtuko dira martxoko aste horretan.
Horien guztien parte hartzeaz gain, herriko hainbat eragileren laguntza ere eskertu gura izan dute Lekuek Festibalaren antolatzaileek; hala nola, Zine-Klub Gernika, Kafea eta Galletak, Gernika-Lumoko Liburutegia, Allende Salazar ikastetxea edota Gernika-Lumoko Kultur Etxea.
Ikastaroak eta gehiago
Musika emanaldiak ez ezik, hitzaldiak, ikastaroak eta beste ere hartuko ditu Lekuek jaialdiak; eta, horiek, beti ere, musikari lotutakoak izango direla zehaztu dute antolatzaileek. Batzuk aipatzekotan, Ainara LeGardonek emango duen autoekoizpen ikastaroa edo Jose Alberto Batiz musikari gernikarrak eskainiko duen solasaldia, edota bideoklipak egiteko ikastaroa.
Era berean, aipagarria da, baita, Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibalarekin sortu duten harremana, edota herriko talde eta eragileen laguntzarekin Lekuak-ek eskainiko dituen bestelako jarduerak: swing dantzak, erakusketak, Zine-kluba zein Kafea eta Galletak.
20 euroko bonoak
Martxoaren 8tik 15era bitartean Lekuek Festibalaren baitan antolatu dituzten ekitaldi guztietara sartzeko bonoa aterako dute aurten ere. Otsailaren 23an ipiniko dute salgai, 20 euroan, eta Astran zein Arima tabernan erosi ahalko dira.
Bestalde, Astran, Trinkete Antitxokoan eta Iparragirre Rock Elkartean egingo dituzten kontzertuetarako sarrerak aldez aurretik erosteko aukera izango da, Internet bidez. Festibalaren berri ere izango da han: www.gernikakolekuek.com.