Barikuan Kafe Antzokian egindako agerraldia. Argazkilaria: Izartu Bermeo
Herriak alternatiba bat behar duela iritzita sortu da Izartu Bermeo, herrian dagoen alderdi bitasunagaz amaitzeko helburuz. Sortu berri den herri mugimenduaren arabera, «emaitzak txarrak dira gure herrian, eta beste herri batzuekaz alderatuta txarragoak oraindik».
«Sasoia» zen plataformaren iritziz, herrian mugimendu berri bat sortzeko: «herritarren parte hartzeagaz, alderdikeriak alde batera utzita, herriaren alde lan egiteko alternatiba modura sortu gara».
Lau hilabete inguru daramatzate hauteskundeetara begira lanean. Domeka guztietan batzen dira asanbleak egiteko, eta barikuan aurkeztu zuten mugimendua Bermeoko Kafe Antzokian. Ideologia ezberdinetako herritarrak batzen dituen herri mugimendua dela azaldu dute, eta gazteak eta nagusiak batzen dira taldean: «Herriarengandik benetako konpromisoa agertuko duten herritarrak behar dira, eraginkortasunez lan egingo dutenak».
«Alderdikeriekin nekatuta» daudela diote: «alderdikerien eraginez, herritarrek ez daukate argi San Martineko edota San Migueleko etxebizitzekin gertatzen dena, ezta Sollubeko tunelekin…gairen batzuk aipatzekotan soilik. Azken finean, hala jarraituta ez da inoiz jarrera bateratu bat egongo, bakoitzak berea azaltzen baitu». Kudeaketetan, gainera, «gardentasun falta nabaria» dagoela diote.
Bestalde, momentu «zailenean eta arduratsuenean» ari direla uste dute, hauteskundeetara begirako programa diseinatu beharra daukatelako. Horretarako, herriak bizi duen errealitatea aztertzen ari direla diote. Bestalde, herriko elkarte, alderdi politiko eta mugimendu ezberdinen proposamenak batu gurako lituzketela azaldu dute, «ahalik eta herritar gehien asetuko duen programa bat aurkeztu ahal izateko».
Gauza asko oraindik zehaztu barik badituzte ere, argi daukate gardentasuna izango dela euren bidea, «herritarrek jakin behar dute zer den herrian eta udalean benetan gertatzen dena». Gastuen eraginkortasuna ere garrantzitsua da Izartu Bermeorantzat, «soberan dauden gastu guztiak alde batera utzi eta benetan herriak behar dituen gauzetan inbertsioak eginda». Jakinarazi dutenez, plataforma modura aurkeztu gura dute udal hauteskundeetara eta ez alderdi modura, horregatik 500 sinadura batu beharko dituzte: «babesa emateko sinadurak lirateke. Sinatzeak ez du esan gura, gero, plataforma bozkatuko denik».