Biosfera Erreserben komunikazio-proiektua abiarazi dute Urdaibain
Eusko Jaurlaritzak eta Unescok Europako Biosfera Erreserben komunikazio-proiektu pilotua jarri dute martxan Urdaibain, eta hori azaltzeko izan ziren Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi eta Unescoren Gizakia eta Biosfera programako idazkaritzaren ordezkari Meriem Bouamrane joan den barikuan Busturian kokatuta dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroan.
Oregik dio jendartearen zati batek «oker» ulertu dezakeela lurralde eremu bat Biosfera Erreserba izendatzea, bere jardueren garapena mugatzen duela iritzita. Hori, baina, ezeztatu egin nahi dute Jaurlaritzak eta Unescok oraintsu abiarazitako proiektuagaz. Eta, horregaz batera, badute helburu argi bat: «nazioarteko ospea duten guneen balio natural, ekonomiko, turistiko eta kulturalak eta horien ondoriozko aukerak bistaratzea».
Helburu hori bete nahi du Jaurlaritzak, baina, horretarako, esku hartzea duten agente guztien parte hartzea eta adostasuna «beharrezkoak» direla dio; alegia, alkateena, garapen-agentziena, nekazaritza, industria, kultura eta turismo sektoreena eta herritarrena. Aipatu proiektu horregaz, gainera, Unescoren laguntza ere izango du helburu hori lortzerako bidean.
Proiektua “une ezin hobean”
Proiektu hori «une ezin hobean» iritsi dela uste du Oregik; Erabilera eta Kudeaketako Gida Plana –Oregiren arabera, erreserbaren plangintzarako funtsezko tresna– berrikusten ari direlako, batetik, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren garapen jasangarria bideratutako interpretazio, ikerkuntza, gaikuntza eta hezkuntza plana onartzear daudelako, bestetik.