Bigarren sailkatu da Urdaibai Eskubaloi Taldea Bizkaiko finalean
Zapatu-domekan A-4 Finalak jokatu zituzten Bizkaiko lau eskubaloi taldek Bermeoko Arane kiroldegian; tartean, Busturialdeko Urdaibai eskubaloi taldeak. Hain zuzen, bigarren egitea lortu zuten bertoko taldeko mutil kadeteek, bigarren fasean parte hartzeko txartela lortuta. Datorren asteburuan Elgoibarren (Gipuzkoa) neurtu beharko dituzte indarrak beste hiru taldegaz batera, hiru partidutan.
Taldeko entrenatzaile Arantza Ruilobaren arabera, «borroka handiko partidak» izan ziren zapatu zein domekakoak. Zapatuan finalerdietan irabazi ostean, Basauriren kontrako partida jokatu zuten bertokoek domekan, eta, irabazten hasi baziren ere, gol biko aldeagatik galdu zuten azkenean: 26-28.
Azken momenturaino «emozio handiko partida» izan zen domekakoa Ruilobaren arabera. Gainera, kiroldegia jendez lepo egon zela eta asteburua «giro onean» igaro zutela azaldu du.
Datorren asteburuan, berriz, lehenengo edo bigarren postua eskuratuko balute, lehenengo aldiz aukera izango luke Urdaibai Eskubaloi taldeak Euskal Ligara ailegatzeko. Hori eginda, hirugarren fase batetara igaroko lirateke, bertan, Euskal Ligako bosgarren eta seigarren sailkatuaren aurka lehiatuz.
Urdaibai Eskubaloi Taldeak, hala ere, Bizkaian jokatzen jarraituko du datorren urtean ere; aurten kadeteek maila ona erakutsi duten arren, elkarte bezala ezingo baitu mailaz igo bertoko taldeak.