Imanol Pradales diputatua, Busturialdeko zenbait alkaterekin
Ehun bat lagun laneratzea aurreikusten du Ekonomiaren Sustapenerako diputatu Imanol Pradalesek aurkeztu duen planak. Beren negoziei bultzada emanez, lan merkatura sartzen lagundu gura die aldundiak. Busturialdeko 20 herrietako alkateei azaldu die Pradalesek bere plana. Bi deialditan egingo dute, eta, gutxienez, parte hartzaileen %60 autoenplegurako ekimen propioa sortzea izango du helburu. Horretarako udalak eta Behargintza elkarlanean arituko dira.
Busturialderako plan horrek 605.000 euroko aurrekontua izango duela zehaztu du Pradalesek,. Autoenplegua sustatzea izango da lehentasuna; batez ere, eskualdean erroldatuta dauden gazteen, langabezian denbora luzea daramatzaten pertsonen eta lan merkatuan berriro sartzeko zailtasun bereziak dituzten 45 urtetik gorakoen artean.
EH Bilduk, baina, ez nahikoak ikusten ditu Pradalesen planak zehaztu dituen neurriak. Diputatuaren planaren berri izan bezain pronto –urte hasieran–, prentsaurrekoa eman zuten Ajangizko alkate Mikel Ander Zubizarretan eta Eako zinegotzi Iratxe Arriolak. Aipatu zutenez, Pradalesen plana “neurri sorta bat baino ez da”; Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Planaren ildo beretik doana. “Pradalesek ez du Busturialdea ezagutzen, eta Garapen Agentzietako koordinatzaileek ez dute Ekonomia Sustatzeko diputatua ezagutzen”. Eredu berri bat helburu, Bizkaiak estrategia publiko indartsu bat behar duela esan zuen EH Bilduk.